Gizartea -
ETXEGABETZEA
Etxegabetzea saihesteko Irunen gotortutako gizona atxilotu egin dute
Ez dio epaileari atea zabaldu nahi izan, eta butano bonbona bat lehertzeko mehatxua egin du. Irungo Udalak 'urjentziazko ostatua' eskaini dio familiari. Hotel batean egongo da, egoera konpodu arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur Irunen etxetik kanporatu behar zituzten ama-semeak pisuan gotortu dira, etxegabetzea eragozteko. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, butano bonbona bat lehertzeko mehatxua egin dute. Azkenean, Ertzaintzaren negoziatzaileei esker, atea zabaldu du gizonak, eta ez da ika-mika gehiago izan.
09:10 inguruan joan da epailea bikotea bizi den etxebizitzara, Irungo Loiolako Iñigo kalean, etxegabetzea agintzera. Barruan zegoen gizonak uko egin dio atea zabaltzeari, eta barruan gotortu da, butano bonbona bat lehertzeko mehatxua eginez. Ama ere, adinekoa, etxe barruan zegoen.
Ertzaintza eta suhiltzaileak bertaratu dira, eta badaezpada, eraikina hustu egin dute.
Azkenean, 11:15 inguruan ireki du gizonak atea. Ertzaintzak atxilotu egin du desobedientzia delitu larria egotzita. Emakumea eta gizonaren seme-alabak Irungo Udaleko gizarte zerbitzuen esku geratu dira.
'Urjentziazko' ostatua
Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuek ostatu bat eskaini diote kaltetutako familiari, eta bertan egongo dira, egoera konpondu arte. Udalak jakitera eman duenez, Gizarte Zerbitzuek bazuten familia honen berri, eta eurekin lanean ari ziren, baina etxegabetzekoak zirela ez zekiten.
Oraingoz, "urjentziazko" ostatua eskaini diote familiari, eta egoera "lehenbailehen" konpontzen ahaleginduko dela esan du Udalak.