Gizartea -
Hitzaldia Iruñean
Marty Baron, Nafarroan: 'Hedabideak are garrantzitsuagoak dira orain'
'Washington Post' egunkariko zuzendariak hitzaldi bat eskaini du Nafarroako Unibertsitatean, 400 pertsonaren aurrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Marty Baron The Washington Post egunkariko zuzendariak hitzaldia eskaini du Iruñean, eta, bertan, AEBko hauteskundeen ostean kazetaritza indartu egin dela azaldu du. "Estatubatuarrak ohartu dira hedabideak ezinbestekoak direla demokrazian, orain are garrantzitsuagoak direla", gaineratu du.
Baron Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean mintzatu da, 400 pertsonaren aurrean.
"Gure helburua independenteak izatea da", aldarrikatu du. "Ez gaude aliatuta inolako alderdirekin eta politikarirekin, baizik eta egiarekin. Ikertzera ohituta gaude AEBn eta mundu osoan, gertatutakoa egiaztatzera eta hori publikatzera".
Horren esanetan, "irakurleek uste dute ez dutela informazioa bilatu behar, Googleren eta sare sozialen bidez jasoko dutela. Kazetari bezala, ulertu egin behar ditugu irakurleak, eta istorioak kontatzeko modua aldatu behar dugu".
Hori horrela, erreminta berriak (bideoa, audioa eta sare sozialak) erabiltzeko deia egin die kazetariei, irakurle askok modu horietan jasotzen baitituzte edukiak.
Martin Baron (Florida, 1954) 2013an izendatu zuten The Washington Post egunkariko zuzendari. Handik hilabete batzuetara, Jeff Bezos Amazoneko jabeak erosi egin zuen egunkaria.
Baron karguan denetik, hedabide horrek aurrea hartu dio The New York Times-i audientzietan, eta lau Pulitzer sari irabazi ditu.
Aldez aurretik, The Boston Globe egunkaria zuzendu zuen 11 urtez. Tarte horretan, hedabideak sei Pulitzar irabazi zituen, eta Baron Urteko Editore Onena hautatu zuten 2004an.
Iaz Film Onenaren Oscar Saria irabazi zuen Spotlight pelikulak Baronen eta horren lantaldearen lana kontatu zuen, Boston Globe egunkarian apaiz pederasten auziak publikatu zituztenean.