Gizartea -

Epaiketa

Epaituek ukatu egin dute Foro Ekonomikoko istiluetan parte hartu izana

2014ko martxoaren 3an istilu larriak izan ziren Bilbon, Foro Ekonomikoaren harira. Azken hiru epaituek ukatu egin dute liskar haietan parte hartu izana.

Foro Ekonomikoko istiluen gaineko epaiketari ekingo diote berriro. Argazkia: EFE
Foro Ekonomikoko istiluen gaineko epaiketari ekingo diote berriro. Argazkia: EFE
5 urteko zigorra eskatu dute Foro Ekonomikoko istiluak eragiteagatik

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014ko martxoaren 3an Bilbon egin zen Foro Ekonomikoan izandako istilu larrien harira, azken hiru akusatuak epaitu dituzte gaur goizean Bilboko zigor-arloko epaitegian. Auzipetuak LAB sindikatuko ordezkari bat eta bi ikasle dira.

Fiskaltzak bina urteko kartzela-zigorra eskatzen du hirurentzat, desordena publiko delitua egotzita, eta beste bina urteko espetxealdia ordezkari sindikalarentzat eta gazteentzako batentzat, atentatu delitua leporatuta.

Horrez gain, 200.000 euro inguruko kalte-ordainak eskatzen dizkiete, istiluetan izan ziren kalte materialengatik, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.

Prozesu judizial honetan akusazioa den Bilboko Udalak aurkeztutako fakturen arabera, 75.500 euroko kalte materialak izan ziren.

Epaitegiaren kanpoaldean Laudioko JEZ enpresako langileek elkarretaratzea egin dute, beren ordezkari den Iñaki Montesi eta gainerako bi auzipetuei babesa helarazteko.

Montesek onartu du egun hartan Foro Ekonomikoaren aurka protesta egiteko antolatu zen manifestazioan parte hartu zuela, "lasaitasun osoz". Bere testigantza berretsi dute beste ordezkari sindikal batzuek.

LABeko ordezkariak kontatu duenez, atxilotuta Ertzaintzaren furgonetan sartu zutenean agenteek kolpatu egin zuten. Epaiketan deklaratu duten ertzainen arabera, Montes burua estalita zeraman manifestari baten atxiloketa oztopatzen saiatu zen. Auzipetuak ukatu egin du horrelakorik egin zuela.

Bigarren auzipetuaren kasuan, ertzainek esan dute 14:00etan atxilotu zutela Lehendakari Agirre kalean, ordu batzuk lehenago Bilboko Kale Nagusian izan ziren istiluetan parte hartu zuela "ziur" zeudelako.

Akusatuak, baina, manifestazioan egon izan ukatu du eta hala berretsi dute zenbait lekukok. Atxilotu zutenean ertzainek borraz kolpatu zutela eta ukabilkadak eman zizkiotela kontatu dio epaileari.

Defentsak zalantzan jarri ditu Fiskaltzaren azalpenak eta salatutakoa frogatzeko exijitu dio. Ildo berean, bigarren auzipetua identifikatzerakoan “akatsa” izan zela adierazi du.

Hirugarren auzipetua istiluak izan eta hilabetera atxilotu zuten. Manifestazioan izan zela aitortu du, baina zehaztu du berandu iritsi zela eta mobilizazioarekin Jesusen Bihotza plazan bat egin zuela. Beraz, istiluetan parte hartu izana ukatu du.

Defentsako abokatuak esan du hiru auzipetuak errugabeak direla eta haien parte-hartzea zalantzan dagoenean, errugabetasun printzipioa lehenetsi behar dela azpimarratu du, akusatuak absolbitzea eskatuta.

2014ko istiluak

2014ko Foro Ekonomikoan, besteak beste, honako hauek parte hartu zuten: Juan Carlos I.a Espainiako erregea, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria, Iñigo Urkullu lehendakaria, Europako hainbat komisario, Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea.

Duela hiru urteko martxoaren 3 hartan, ELAk eta LABek manifestazioa deitu zuten, baina helmugara heldu aurretik bertan behera utzi behar izan zuten. Hala ere, istiluak hiriko hainbat aldetara zabaldu ziren.

Dozenaka kaputxadunek kalte material handiak eragin zituzten hiriko hainbat denda eta banketxetan, edukiontziak erre zituzten eta hainbat ertzain zauritu zituzten. Istiluen ondorioz, 50 pertsona identifikatu zituzten, eta 3 pertsona atxilotu eta beste bat inputatu.

Istilu horien harira, guztira 13 pertsona epaitu dituzte: lehendabizikoak Gasteizen eta azken hirurak, gaur, Bilbon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia LAB Epaiketak albisteak Gizartea Gaurko azken ordukoa