Gizartea -
Sutea Andoainen
Pertsona baten bila dabiltza, Andoaingo sutearekin lotuta
Sutea nahita piztu zutela uste dute agintariek. 55 urteko gizonezko bat hil zen bertan.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintza pertsona baten bila dabil, ostegunean Andoaingo pabiloi batean izandako sutearekin zerikusia izan dezakeelakoan. 54 urteko gizonezko bat hil eta beste hiru lagun zauritu ziren ezbeharrean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintza gertakaria ikertzen ari da, eta azken orduetan ez da inolako berritasunik izan. Ertzaintzak oraindik ez daki nola piztu zen sua, baina atzo goizean Ane Karrere Andoaingo alkateak esan zuen nahita piztutakoa izan den hipotesia dutela esku artean. Hori dela eta, pertsona baten bila dabiltza.
Ezbeharra goizaldeko 05:20 inguruan jazo zen, hutsik dagoen bi solairuko fabrika batean, Ama Kandida etorbidean.
Larri zaurituta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten 47 urteko gizonezkoak larri jarraitzen du. Kea arnastu ondoren Donostiako Ospitalera eraman zituzten bi gizonezkoek, berriz, atzo jaso zuten sendagiria.
Ana Karrere Andoaingo alkateak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez, 10 bat pertsona bizi dira bertan behera utzita dagoen pabiloi industrial horretan, eta, haren esanetan, orain etxerik gabe geratu direnentzat irtenbidea bilatu nahian ari dira gizarte zerbitzuak. Bien bitartean, ostatu batean edota senideen etxean igaro dute gaua. Atzo lekukoek egindako adierazpenen arabera, baliteke sutea "mendekua" izatea. Izan ere, duela gutxira arte beraiekin bizi zen gizonezko bat eraikinetik bota zuten, eta haren mendekua izan den ikertzen ari dira.