Gizartea -

Ikerketa

Zaporerik ez duten tomateak? Ikerketa batek zergatia argitu du

Gaur egungo aldaerek zaporea ematen duten konposatu kimiko gutxiago dituzte, ikerlariek erakutsi dutenez.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ziur behin baino gehiagotan egin diozula galdea zeure buruari: zergatik galdu dute zaporea gaur egungo tomateek? Nazioarteko ikerlari talde batek arrazoia bilatzeko ikerlana egin du, antzina zuten zaporea nola berreskura daitekeen argitu nahian.

Dieta mediterraneoko oinarrietako bat da tomatea, eta funtsezkoa da euskal sukaldaritzan. Hemen ez ezik, munduan gehien landatu eta kontsumitzen den barazkietako bat ere bada.

Science aldizkariak kaleratu du Txinako, AEBko eta Israelgo adituek egindako ikerketa. Valentziako Unibertsitate Politeknikoaren Biologia Molekular eta Landareen Biologia Zelularreko ikerlariek ere lagundu dute azterketan.

Zaporearen kimika eta genetika, aztergai

Aldaera tradizionalekin erkatuta, zaporea galdu dute gaur egungo tomateek. Ikerlariek hori zergatik gertatu den argitzea zuten helburu. Horretarako, zaporearen kimika eta genetika aztertu dute, hau da, "gustu eta usaimenaren arteko interakzioak", azaldu du Antonio Granell ikerketan parte hartu duen adituetako batek.

Tomatearen azukre eta azidoek aktibatzen dituzte gustuaren errezeptoreak. Usaimen-errezeptoreak konposatu lurrunkor talde baten bidez aktibatzen dira, eta hortxe dago gakoa: "zapore ona konposatu horien kopuruaren eta proportzioaren araberakoa da", Granellen hitzetan.

398 tomate aldaera (antzinakoak, basatomateak eta komertzialak) aztertu dituzte ikerlariek. Zaporearengan eragina duten konposatuak identifikatu dituzte kontsumitzaileen artean galdetuta.

"Horrela jabetu gara gaur egungo tomate komertzialek lehengoek baino konposatu kimiko gutxiago dituztela", esan du Granellek.

Bestalde, tomate aldaeren genoma sekuentziatu dute, eta konposatu kimiko horietan eragiten duten markatzaile genetikoak atzeman dituzte.

Ikerlariaren arabera, "kasu batzuetan, zaporeari eragiten dioten konposatu lurrunkorren mailak aldatzen dituen genea zein den topatu dugu".

Horrenbestez, zaporedun tomateak lortzeko giltza aurkitu dute ikerketa honen egileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia gaur Gizartea bideoak Albisteak