Gizartea -
Epaia
Errudun jo dute Osakidetza erditze batean hil zen fetu bategatik
132.800 euro eta interesak ordaindu beharko dizkie pazienteari eta haren senarrari.
Agentziak | Erredakzioa
Administrazioarekiko auzien Gasteizko 3. Epaitegiak Osakidetza kondenatu du, Basurtuko ospitaleko Obstetrizia Zerbitzuan paziente batek jaso zuen arreta txarragatik; izan ere, hil egin zen espero zuen umea, kontrol kardiotokografiko jarraitua ez izatearen ondorioz.
Gaur eman du jakitera epaia kasua eraman duen El Defensor del Paciente elkarteak.
Erdi urren zegoen emakumeak bikiak itxaroten zituen, baina aste batzuk lehenago bikietako bat galdu egin zuen, espero zena baino askoz goizago etorri baitzen. Hori dela eta, Basurtuko ospitalean zegoen ingresatuta 2012ko urrian, erditzea geldiarazteko asmoz.
Aitzitik, bigarren fetua bideragarria zenean eta erditzeari ekin zionean, pazientea artatzen ari zen Basurtuko obstetrak ez zuen fetuaren jarduera monitorizatu kontrol kardiotokografiko jarraituaren bidez. Horren poderioz, ezin izan zuten antzeman fetua pairatzen ari zen arazo bat, eta horrek bere heriotza eragin zuen.
Horrenbestez, Gasteizko auzitegiak emandako epailaren arabera, Osakidetzak 132.800 euro eta interesak ordaindu beharko dizkie pazienteari eta haren senarrari. Dena dela, epai horren aurka helegitea jar dezake auzitegi berean.