Gizartea -
3.000 euroko kalte-ordaina
Jazarpena pairatu zuen ikasle bati kalteak ordainduko dizkio eskolak
Sagrado Corazon-Corazonistas eskolak "jokabide urria" izan zuen, Arabako Auzitegiaren arabera.
Erredakzioa
Gasteizko Sagrado Corazon-Corazonistas eskolak 3.000 euro ordaindu beharko dizkio ikaskideengatik eskola-jazarpena pairatu zuen ikasle bati. Arabako Probintzia Auzitegiaren zigorraren arabera, eskola horrek "jokabide urria" izan zuen kasu horretan.
Umeak eraso fisikoak (ostikoak eta muturrekoak), irainak eta isekak, esamesa eta idazki iraingarriak, zeharkako erasoak (materialaren lapurketa) eta DBHko norbere ikaskideen arbuioak eta bakartzea jasan zuen 2005-2006 ikasturtean eta 2006-2007koaren hasieran.
Gelako ikaskide batek hasi zuen eskola-jazarpena eta beste ikaskide batzuek jazarpenarekin jarraitu zuten. Garai horretan umeak 12 urte zituen eta gela aldaketetan ostikoak eta muturrekoak jaso zituen, edo bere liburuetan hauek topatzen zituen: "ergela" edo "bakarrik zaude".
Eraso hauek guztiek "antsietatea, estresa, tristura, autoestimuaren hondatzea eta negarra" eragin zioten; eta beraz, "jazarpen psikologikoa" pairatu zuela erakusten dute.
Auzitegiaren arabera, eskolak "jokabide urria" izan zuen, besteak beste, "gehien bat tutoretzak eta talde bilerak indartu zituelako, eta taldeari ezarri behar izan zizkion zigorrak eta bere neurrira antolatutako laguntza bilerak" alde batera utzi zituelako. Azkenean, gurasoek eskolaz aldatu zuten adingabea.