Gizartea -
Iragarpena
Abisu horia elurragatik eta lau metrorainoko olatuengatik
Nabigaziorako abisu horia 15:00ak arte egongo da indarrean. Olatuen altuera 3,5 eta 4 metro ingurukoa izatea espero da.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du asteazken honetarako, olatuengatik eta elurteagatik. Euskal kostaldean lau metrorainokoak izan daitezkeen olatu handiak espero dira. Arrazoi horregatik, 18:00ak arte izango da indarrean abisu horia.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakinarazi duenez, egunean zehar 600 metrora jaitsiko da elur-kota, baina goizaldean gehiago jaitsiko da eta noizbehinka 500 metrora irits liteke.
Gainerako orduetan elur-kota 700-800 metrora egongo da. Halaber, prezipitazio arinak espero dira, eta baliteke egunaren lehen erdian trumoi-ekaitzak jotzea.
Kostaldean, nabigaziorako abisu horia 00:00etatik 15:00etara izango da indarrean. Ildo horretatik, olatuen altuera 3,5 eta 4 metro ingurukoa izatea espero da.
Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du goizaldean bereziki, baina egunak aurrera egin ahala indarra galduz joango da.
Tenperaturek gora egingo dute egunean zehar, eta Euskalmetek ondorengo maximoak iragarri ditu euskal hiriburuetan: Gasteizen, 6 ºC; Bilbon, 10ºC eta Donostian 9ºC.