Gizartea -
PROSTITUZIOA
Prostituzioan ari zen 13 urteko neska bat erreskatatu dute Almerian
Umearen ama atxilotu dute. Poliziaren arabera, anaia txikia mantentzeko eta amari alkohola eta tabakoa erosteko prostituitzen zen neskatoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Prostituzioan aritzen zen 13 urteko neska bat erreskatatu du Polizia Nazionalak Almerian, eta haren ama atxilotu. Antza, alaba prostituzioan aritzen zela bazekien amak, eta gizonei "alabaren konpainia eskaintzen zien". Trukean, dirua, janaria, alkohola edo tabakoa eskatzen zituen. 59 urteko gizonezko bat ere atxilotu dute, neska horrekin sexu harremanak izatea egotzita.
Poliziak agiri baten bidez jakitera eman duenez, "9 urteko neba txikia bere kargura" zuen neskak, eta hura mantentzeko aritzen zen prostituzioan. "Lortutako diruarekin amari alkohola eta tabakoa" ere erosten zizkion.
Ikertzaileen arabera, bi umeak eskolatu gabeak ziren, abandonatuta zeuden eta ia egun osoa kalean igarotzen zuten, bakarrik, Almerian.
Adingabeak abandonatzea egotzita atxilotu dute ama.