Gizartea -

Barakaldo

La Milagrosako 180 ikaslek ikastetxe horretan egin dute aurrematrikula

Irtenbide bat bilatzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, Miranda Fundazioari eta Barakaldoko Udalari.

Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea (Bizkaia). Argazkia: EiTB
Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea (Bizkaia). Argazkia: EiTB
Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea (Bizkaia). Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko (Bizkaia) La Milagrosa ikastetxeko ikasle erdiak baino gehiagok (350 ikasletik 180 ikaslek) ikastetxe horretan bertan egin dute 2017-2018 ikasturteko aurrematrikulazioa. Eraikinaren jabearekin akordiorik lortu ezean ateak ixteko arriskua dago.

Paperean idatzitako eskaerak ostegun honetan entregatu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegaritzan (Bilbon). Lege baliorik ez duten arren, ikastetxe horretako hezkuntza-proiektua defendatzen jarraituko dutela erakutsi nahi dute.

La Milagrosa ikastetxean 350 ikasle inguru daude, baina eraikinaren jabearekin akordiorik lortu ezean ateak ixteko arriskua dago. Ildo horretatik, Miranda Fundazioak 100.000 euro eskatzen zituen ikasturte bakoitzean, baina alokairuaren prezioa 250.000 eurora igotzea erabaki izanak ezinezkoa egiten du hezkuntza-proiektuarekin aurrera jarraitzea.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak joan den astean iragarri zuenez, Errontegi eta Minas hezkuntza zentroetan La Milagrosa ikastetxeko ikasle guztiak hartzeko tokia dago. Gainera, familiek hala eskatuko balute, orain arteko taldeak mantendu ahal izango liratekeela azaldu zuen.

Dena dela, La Milagrosa ikastetxeko ikasleak datorren ikasturtean bertan ikasten jarraitzeko esperantzarekin jarraitzen dute, alokairuaren prezioa adosteko Miranda Fundazioarekin harremanetan baitaude.

La Milagrosa ikastetzeko zuzendariak, ikasleen familiek eta langileek irtenbide bat bilatzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, Miranda Fundazioari eta Barakaldoko Udalari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza