Gizartea -
Motril, Granada
Bost hildako, bi haurtxo horien artean, erreskatatutako patera batean
37 etorkin zihoazen pateran. Ontzia irauli ostean hil dira bostak.
Erredakzioa
Patera bat, 37 etorkinekin, erreskatatu dute Motrileko (Granada) kostaldean. Etorkinen artean bost hildako topatu dituzte Itsasoko laguntza zerbitzuak eta Guradia Zibilak, horien artean bi umetxo.
Ontzia Motrileko kostako hegoaldetik 43 bat miliara ikusi du Itsasoko laguntza zerbitzuak, inguruan patruilatzen ari zela, 112 Larrialdiko zerbitzuak eta erakunde publikoak adierazi dutenez.
Itsasoko laguntzako ''Salvamar Hamal'' ontzia bertaratu da, Guardia Zibileko agenteekin batera, eta patera ia hondoratuta topatu dute.
Bertan zeuden etorkinen urduritasuna dela eta, batzuk zutik jarri dira ontziaren gainean eta, azkenean, irauli egin da eta horrek bi haurtxoren eta hiru pertsonaren -bi gizon eta emankume bat- heriotza eragin du, pateraren azpialdean geratu baitira atera ezinik.
Bertara joan den Itsasoko laguntzako kide batek urtebeteko haur bat eta oso nekatuta zegoen gizon bat ere erreskatatzea lortu du, iturriek zabaldu dutenez.