Gizartea -

Trafiko-istripua

Usurbilgo trafiko-istripuan hildako emakumea identifikatu dute

Lehenengo datuen arabera, hildakoa brasildarra zen, baina emakume horren nortasuna baieztatzeko datuak Brasilgo Poliziari igorriko dizkio Ertzaintzak.

Bi pertsona hil eta beste lau zauritu ziren. Argazkia: EFE
Bi pertsona hil eta beste lau zauritu ziren. Argazkia: EFE
Bi pertsona hil eta beste lau zauritu ziren. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Usurbilen izandako trafiko-istripuan hil zen emakumea identifikatu du Ertzaintzak. Lehenengo datuen arabera, hildakoa brasildarra zen. Hildakoaren nortasuna baieztatzeko, datuak Brasilgo Poliziari igorriko dizkio Ertzaintzak.

Ikerketa iturriek jakinarazi dutenez, oso zaila izan da emakumea identifikatzea. Arrazoi horregatik, bildutako datuak Brasilgo Poliziari bidaliko dizkiote.

Ezbeharra AP-8 autobidean izan zen, kontrako noranzkoan zihoan auto batek eta anbulantzia batek aurrez aurre talka egin zutenean. Autoan sei pertsona zihoazen, eta horietako bi bertan hil ziren (gizon bat eta emakume bat).

Zauritutako beste laurek ez zuten hildako emakumearen nortasunari buruzko datu fidagarririk eta esanguratsurik eman. Ertzaintzaren lana nabari zaildu du horrek, eta hildakoa brasildarra zela baieztatu duten arren, emakumearen nortasuna baieztatzeko Brasilgo Poliziari igorri dizkiote datuak.

Istripua eragin zuen gidariak (28 urteko Bilboko bizilaguna) Donostiako Ospitalean atxilotu zuten eta negatiboa eman zuen drogarik hartu zuen jakiteko egin zizkioten probetan.

Hala, astearte honetan epailearen aurretik igaro da. Astelehenean gertakariak berritu zituzten, eta, horretarako, AP-8 autobidea itxi zuten gauerdian, Lasarte eta Aritzeta artean.

Ezbeharra “gertaera isolatua” dela dio Gipuzkoako Foru Aldundiak

Beste alde batetik, Usurbilen larunbat honetan izandako trafiko-istripua “gertaera isolatua” dela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ildo horretatik, Gipuzkoako errepide guztiak “balorazio positiboa” dutela eta segurtasunari dagokionez “oso modernoak” direla gaineratu du.

Istripua nola gertatu zen argitzeko Ertzaintzari nondik norakoak ikertzen utzi behar zaiola esan du astearte honetan Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Gauzak horrela, xehetasun guztiak argitu arte Gipuzkoako Foru Aldundiak zuhurtziaz jokatuko duela azaldu du.

“Mota horretako ezbeharrak gertatzen direnean oso zaila da azalpen bat bilatzea”, esan du Landak. Gainera, gidariari egin zizkioten probetan negatiboa eman zuela gogoratu du. Arrazoi horregatik, ez du baztertu gertatutakoa gidariaren hanka-sartze batek eragin izana.

“Gertaera isolatu bat da. Gisa horretako hanka-sartzeak ez dira egunero gertatzen”, esan du.

Ildo horretatik, ezbeharra izan den errepidean segurtasuna indartzeko Aldundiak ez duela bestelako neurririk hartuko iradoki du, Gipuzkoako errepide guztiak “oso modernoak” direlako eta “balorazio positiboa” dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Ertzaintza Albisteak Gipuzkoa Gizartea albisteak Usurbil argazkiak Eguneko albisteak