Gizartea -
Nazioarteko Eguna
Minbizia duten haurren 51 kasu diagnostikatzen dituzte urtero Euskadin
Azken ikerketen arabera, hobekuntza nabarmena izan da biziraupen datuetan: % 80 bost urteetan. Leuzemia da ohikoena, kasuen % 31 hartuz.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadin minbizia duten haurren 51 kasu diagnostikatzen dituzte urtero batez beste, eta heriotza-tasa jaitsi egin da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak datuak eman ditu asteazken honetan, Haur-Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta, 1992-2012 epeko ikerketan oinarrituta.
Urte horietan 1.032 kasu diagnostikatu zituzten (% 59 mutikoetan eta % 41 neskatiletan), hau da, urtero 51,6 kasu. Leuzemia da minbizia duten haurrengan ohikoena, kasuen % 31 izanda. Jarraian tumore gaiztoak (% 16) eta linfomak (% 14) daude.
Heriotza-tasak behera egin du
Biziraupena hobetu da Euskadin, bost urteko umeetan % 80k gainditu egiten dutelako gaixotasuna. Leuzemiek eta linfomek 15 urte baino gutxiago dituzten haurrengan diagnostikatutako kasuen ia erdia hartzen dituzte.
Diagnostiko goiztiarrari eta tratamendu protokoloei esker leuzemian heriotza-tasa asko jaitsi da, urteotan % 2 eta % 8 artean egin baitu behera.
Minbizia duen Haurraren Nazioarteko Egunean, Jon Darpon Osasun sailburuak “lanean jarraitzeko” konpromisoa hartu du, "haurrek bizirik irauteko, diagnostiko goiztiarreko eta beharrezko tratamenduen programa guztiak bultzatuta”.
Halaber, “euskal haurrei bizitzeko ohitura osasuntsuak hartzera bultzatzeko deia” egin dio gizarteari, “Euskadiko etorkizuneko osasuna hobetzeko”.
Haurren arreta onkologikoa
Gurutzetako eta Donostiako Ospitaleak dira erreferentzia haurren arreta onkologikoan. Iaztik 18 urtera arte iristen dira.
Haurrei eta haien familiei zentroetara mugitzea ekiditeko, arreta koordinatzen da, ikerketak eta beharrezko tratamenduak lehen mailako arretan eta eskualdeko ospitaletan egiteko.