Gizartea -
2017ko inauteriak
120 karrozek eta 1.450 umek musikaz eta kolorez beteko dute Tolosa
Kabi Alai txarangak 1984. urtean hartu zuen parte lehenengoz, eta 75. urteurrena ospatzeko doinu guztiak biltzen dituen disko bat grabatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Astebete besterik ez da geratzen Tolosako inauteriei hasiera emateko, eta, aurten, 120 karrozek eta 1.450 umek hartuko dute parte. Asteburu honetan, ordea, herria girotzen hasiko da kalderero, txistulari eta musika bandaren kontzertuarekin.
Olatz Peon Tolosako alkateak gogorarazi duenez, Kabi Alai txarangak 1984. urtean hartu zuen parte lehenengoz Ostegun Gizeneko korporazioan. Hala, 75. urteurrena ospatzeko doinu guztiak biltzen dituen disko bat grabatu dute.
Gainera, Juanito Lope jaio zenetik aurten ehun urte beteko direla gogorarazi du Tolosako alkateak. Ildo horretatik, bizitzan zehar egindako lanari esker erreferente bat bilakatu zela esan du, eta danborradan omenaldia egingo diotela iragarri du.
Beste alde batetik, ?Tolosak, EZETZ!? kanpainari jarraipena emango zaio, eta lelo hori daramaten eskumuturrekoak banatuko dituzte inauterietan. Herriko merkatariei eta ostalariei kartelak emango dizkiete eta paneletan eraso sexista baten aurrean zein telefono zenbakira deitu behar den azalduko dute.
Tolosako Udalak protokolo berezia ezarri du eraso sexista bat jazoz gero ahalik eta modu azkarrenean erantzuteko. Aurreko urteetan bezala, berdintasuna bultzatzen duten karrozak sarituko dituzte.
Azkenik, gazteen artean alkohol kontsumoa murrizteko neurriak hartuko ditu Tolosako Udalak. Halaner, garraio publikoa bultzatzeko neurriak hartuko dituzte.