Gizartea -
Urteko txostena
Behatokia: Osakidetzak eta Ertzaintzak ez dute euskara errespetatzen
Erakunde horiek hizkuntza eskubideak zaindu behar dituztela eta beraien egungo "politiketan 180 graduko aldaketa" bideratu beharko luketela eskatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak.
Erredakzioa
Osakidetzaren eta Ertzaintzaren inguruko kexak dira ugarienak ''Euskararen Telefonoa''n, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak aditzera eman duenez.
Garbiñe Petriati Eskubideen Behatokiko zuzendariak erakundearen urteko txostenaren berri eman dio Iñigo Lamarca Arartekoari. Txostenak erakutsi du 2009an aurreko urteetan baino kexa gehiago izan dituztela.
2009ko Osakidetzaren lan eskaintzek "bi hizkuntzetako lanpostuetarako langile elebakarrak kontratatzeko zirrikitu legalak" zituztela azaldu du Behatokiaren zuzendariak. Halaber, Osakidetzako langileen artean "euskara ezagutzea gutxiago aintzat hartuko" duten berri eman zela gaineratu du.
Barne sailari zuzendutako kexei dagokionez, hiritarrek ertzainen begirune falta eta arduragabekeria salatu dutela adierazi du Petriatik.
Hizkuntza eskubideen erradiografia
Txosten hori "hiritarren lekukotasunetan oinarritutako hizkuntza eskubideen benetako egoeraren erradiografia" dela esan dio Lamarcari Behatokiko zuzendariak. Eta 2001etik erakunde horrek bideratzen dituen kexen arrazoiak errepikatzen direla gaineratu du.
Hori dela eta, Erakunde horiek hizkuntza eskubideak zaindu behar dituztela eta beraien egungo "politiketan 180 graduko aldaketa" bideratu beharko luketela eskatu du Petriatik.