Gizartea -

Nahita eragindakoa omen da

Pontevedrako sutea hilketa matxista izan ote den ikertzen ari dira

Emakume bat eta bikotekide ohia hil dira. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, gizonak "leherketa hilgarria" sorrarazteko prestatu omen zuen dena.

Pontevedrako sutea hilketa matxista izan ote den ikertzen ari dira

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Chapelako (Redondela, Pontevedra) etxebizitza batean leherketa eta sutea izan dira bart, eta 50 urteko emakume bat eta 47 urteko haren bikotekide ohia hil dira. Polizia hilketa matxista izan ote den ikertzen ari da.

Emakumeak ez du inoiz salaketarik jarri gizonaren kontra, tratu txarrak egotzita, baina inoiz mehatxuak jaso zituela esana zuen.

Suhiltzaileek hodia moztuta zuten bi butano bonbona eta gasolina arrastoak topatu dituzte etxebizitzan, eta leherketa nahita eragindakoa izan dela uste dute. Espainiako Gobernuak Galizian duen Ordezkaritzaren arabera, gizonak "dena prest" omen zuen "leherketa hilgarria" eragiteko.

Polizia zientifikoak etxebizitza eta gizonaren ibilgailua arakatuko ditu, froga bila, eta hildakoen ingurukoak galdekatuko ditu.

Leherketa bart jazo da, 20:30ean. Hasiera batean, bikotearen 8 urteko semea etxebizitza barruan egon zitekeela pentsatu dute suhiltzaileek, baina aitona-amonen etxean aurkitu dute.

Redondelako Udalak elkarretaratzea deitu du hilketa matxista izan daitekeena salatzeko.

-----------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken orduko albistea