Gizartea -
Trafikoa
N-1eko errepidea, zabalik kamioi batek su hartu eta gero
Zisterna-kamioi batek su hartu du N-1 errepidean, Burgo eta Gasteiz artean. Errepidea moztuta egon da hainbat orduz, auto-ilara luzeak izan dira eta beste istripu bat eragin du.
Erredakzioa
18:00 baino minutu batzuk lehenago zabaldu dute N-1 errepidea hainbat orduz itxita izan ostean. Material erregarriak zituen kamioi batek N-1 errepidean izan duen istripuaren ondorioz auto-ilara garrantzitsuak sortu dira, eta beste hiru ibilgailu astunen artean istripu bat jazotzea eragin du, Ertzaintzak EFEri adierazi dionez.
Ezbeharra 10:00 aldera jazo da, Madrilerako bidean zuen kamioiak Gasteiz eta Burgo artean zegoela sua hartu du, gurpil batek eztanda egin ostean. Ertzaintza eta suhiltzaileak ezbeharra jazo den lekuan bertaratu dira. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako tekniko bat ere joan da sutea piztu den lekura, garraiatzen zuen kargaren arriskua dela eta. Aipatutako informazio iturrien arabera, ez da zauriturik izan eta, antza, garraiatutako materialak ez du kalterik eragingo pertsonen osasunean, ezta ingurugiroan ere.
Kamioia bazterbidean iraulita geratu da. Erretiratu duten bitartean, trafikoa N-104 eta A-2124 errepidetatik bideratu behar izan dute.
Istripua dela eta, auto-ilara garrantzitsuak sortu dira eta beste hiru ibilgailu astunek istripu bat izan dute, trafikoa gehiago zailduz. Herrizaingo Sailak adierazi duenez, kamioiaren istripua jazo den lekutik 20 bat kilometrora beste istripu bat izan da bi auto eta kamioi baten artean, auto-ilarak sortuz. Ez da zauriturik egon.