Gizartea -

Bilbo

Nahasmena, Termibusen behin-behineko geltokiaren lehen astelehenean

Leku eta funtzionamendu aldaketak eragozpen txikiak sortu dizkie erabiltzaileei, autobus txoferrei eta gidariei.

Bilboko behin behineko autobus geltokiak gainditu du egiaren unea

0:52

E.G | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasiera guztiak latzak izan ohi dira, eta Bilboko Termibusen behin-behineko geltokiarenak ezin salbuespena izan. Zabalik dagoen lehen astegun buruzuria da gaurkoa  ?larunbat goizaldean estreinatu zuten, aparteko arazorik gabe? eta aldaketak eragozpen txikiak, nahasmena eta presak sortu dizkie ia denei: zelan jokatu ez zekiten txoferrak, euren autobusaren bila zebiltzan erabiltzaileak, zirkulazio aldaketekin nahasita zeuden gidariak, eta kaos txikiari aurre egiteko gainezka dauden udaltzainak, besteak beste.

18 hilabetez egongo da zabalik geltokia, Termibus zaharretik metro gutxitara. Behin-behineko geltokiak 4.000 metro koadro ditu (zaharrak, 12.000) eta 20 nasa. Autobusak aparkatzeko sistema operatibo berria du, eta orain arte ez bezala, autobusei heldu ahala ematen zaie lekua.

Hori da, hain justu, nahasmen gehien sortzen ari den aldaketa. Lehen autobus bakoitzari nasa bat zegokion; orain, ordea, aldatu egiten da, eta erabiltzaileak informazio pantailei begiratu behar die edo zalantzak argitzeko dauden langileei galdetu.

Kontsignak nasetatik urrunago daude behin-behineko geltoki honetan, eta eragozpen horri aurre egin beharko diete erabiltzaileek. Horretan laguntzeko, leihatiletan ez dute txartelik saltzen autobusa irteteko bost minutu baino gutxiago geratzen badira. Hartara, bidaiari guztiak garaiz heldu ahalko dira.

Udaltzain ugari daude autoen eta oinezkoen joan-etorriak errazteko. Geltoki aldaketarekin, zirkulazioan hainbat moldaketa egin dituzte, eta anabasa dago oinezkoek geltokira sartzeko eta irteteko unean. Erabiltzaile batzuen arabera, zebra-bide gutxi jarri dituzte.

Aldaketak zirkulazioan

Behin-behineko geltokia martxan jartzeak inguruko kaleetako zirkulazio aldaketak ekarri ditu. Nasa egokitu bitartean autobusek zain egon behar dutenez, Gurtubai kaleko erdiko erreia eurentzat gorde dute (Basurtuko Kaputxinoen eta Perez Galdos kaleen artean).

Halaber, Perez Galdos kalean bi errei zabaldu dituzte (Garellano plazatik gertuen daudenak), Gurtubai eta Luis Briñas kaleen artean. Dena dela, soilik behin-behineko geltokiko langileek, Garellano plazan garajea dutenek eta bertako langileek erabili ahal dituzte errei horiek.

Era berean, Sabino Arana etorbidean (Zunzunegi etorbidearen eta Egia jeneralaren kalearen artean) zirkulazioa bi noranzkoetan egokitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Bizkaibus Eguneko albisteak