Gizartea -

polemika

Atzeratu egin dituzte Jorge Cremadesek Bilbon eman beharreko saioak

Lau elkarte feministak ikuskizuna bertan behera uztea eskatu zuten, umoristaren bideo eta adierazpen matxistak direla eta.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Cremades umoristak martxoaren 31n eta apirilaren 1ean Bilboko Campos antzokian eskaintzekoa zuen "Te odio, pero como amigo" ikuskizuna atzeratu egin dute eta oraingoz ez dute data berririk iragarri. "Artistak, atsekabe handiz, ezingo du iragarritako egunetan Bilbon izan konpromiso profesionalak tarteko", Campos antzokiak ohar bidez jakinarazi duenez.

Sarrerak erositako kanalaren bitartez itzuliko diete dirua kaltetuei. Antzokiaren leihatilan erosi zutenek, esaterako, bertara joan beharko dute dirua jasotzeko. Leihatila zabalik dagoen ordutegian egin beharko dute gestio hori.

Bestalde, txartela internet bidez, telefonoz edo kutxazain automatiko batean erosi zutenei, berriz, dirua beren kontu korrontean sartuko diete. Dirua datozen egunetan itzuliko diete. Informazio gehiagorako, leihatilako telefonoa jarri dute kaltetuen eskuragarri: 94 443 86 10.

Lau elkarte feministak bere ikuskizuna bertan behera uzteko eskatu zioten Bilboko Campos antzokiari, sare sozialen bidez zabaltzen dituen bideoak emakumearentzat iraingarriak direla arrazoituta.

Halaber, elkarrizketa batean egindako adierazpenak gogoratu zituzten, gizonek emakumeek baino eraso gehiago pairatzen dituztela ziurtatu baitzuen.

Bilbon eskaintzekoa zuen “Te odio, pero como amigo” bakarrizketa bertan behera utzi dute beste hiri batzuetan (Gijonen edo Elxen, esaterako). Valladoliden larunbat honetan eskainiko du ikuskizuna eta Madrilen hainbat emanaldi antolatu dituzte.

Adi Emakumeak, Gafas Moradas, Clara Campoamor eta Mujeres del Mundo elkarte feministek egindako kritiken ostean Bilboko Udala (Campos antzokiaren jabea) SGAErekin harremanetan jarri zen (ikuskizunaren antolatzailea) joan den astean, polemikari irtenbide bat bilatzeko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Gizartea bideoak Umorea Albisteak