Gizartea -
Nazioarteko eguna
1.500 ume identifikatu dituzte jada Euskadin gaixotasun arraroekin
Nafarroan, guztira 38.000 gaixo daudela kalkulatu dute. Foru Gobernuak bi unitate berezi jarriko ditu martxan, gaixotasun arraroetan espezializatuak.
agentziak
Euskadiko Gaixotasun Arraroen Erregistroak 1.000 kasu baino gehiago atzeman ditu 2015etik, hain zuzen, martxan jarri zenetik.
Gaur, asteartea, Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna da eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bat zabaldu eta, bertan, horren moduko eritasunak diagnostikatzen eta aurre egiten hobetzeko konpromisoa hartu du.
2015ean, erregistroa martxan jarri zenean, "atzera begirako" bilaketa egin zuten eta 3.000 balizko kasu topatu zituzten. Horietatik, 1.500 inguru baieztatu dituzte dagoeneko, eta umeak dira; horregatik, lehentasuna emango diete tratamendua emateko.
Osasun Sailak gaixo horiek ahalik eta hoberen artatzeko egiten duen ahalegina nabarmendu nahi izan du; diagnosia eta tratamendua hobetu nahi dute. Horretarako, Gurutzetako, Basurtuko, Donostiako, HUA eta Galdakaoko ospitaleak sarean lan egiten ari dira eta Gaixotasun Arraroen Batzordea sortu dute.
Era berean, beharrezko sendagaiak eskuratzea erraztea, profesionalak hezi eta sentsibilizatu eta ikerketa, giza baliabide zein baliabide materialekin, sustatzearen alde egin dute.
Bestalde, Nafarroako Osasunbidea zerbitzuak bi unitate berezi jarriko ditu martxan Nafarroako Ospitalean, urtebeteko epean, gaixotasun arraroetan espezializatuak. Zehatz-mehatz, horietako bat pediatrikoa izango da, eta bestea, helduei zuzendua.
Horrela jakinarazi du astelehen honetan Luis Gabilondo Osasuneko zuzendari nagusiak, gaixotasun arraroen aurrean martxan jarriko duten estrategia aurkezteko prentsaurreko batean.
Unitateak diziplina anitzekoak izango dira eta, gutxienez, hiru erizainek, hiru medikuk eta hiru langile sozialek osatuko dute horietako bakoitza. Gainera, gaixotasun arraroetan adituak aukeratuko dituzte, unitateekin harremanetan egongo direnak.
Azaldu dutenez, estrategiaren helburuak prebentzioa sustatzea; diagnosia erraztu eta arintzea; espezialitateen arteko arreta hobeagoa eman eta, besteak beste, gaixoen, profesionalen eta zaintzaileen hezkuntza erraztea izango dira.
Gabilondoren esanetan, aipatutako estrategiaren bidez Nafarroako Parlamentuak 2015an emandako "agindua" eta Nafarroako Osasun Planaren "aurreikuspenak" beteko dituzte.
Nafarroan gaixotasun arraroak pairatzen dituzten 38.000 pertsona daudela kalkulatu dute, 10.000 biztanle bakoitzeko 5 pertsonak jasaten dutelako, eta, gutxienez, 6.000 gaixotasun arraro daude.