Gizartea -
Araba
Bilboko gazte bat hil da Legution autoak etxe baten aurka talka eginda
Etxeko hormetako bat ibilgailuaren gainean erori da eta, gainera, errei bat ere oztopatu du, Gasteizerako bidean. Etxea abandonaturik zegoen.
agentziak | erredakzioa
Bilboko 25 urteko gazte bat hil da bart Legution (Araba) gidatzen ari zen autoak abandonatutako etxe baten aurka talka eginda, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Ezbeharra 22:00etan jazo da, Legution, N-240 errepidean (Ubidetik gertu), autoa errepidetik irten eta etxe baten aurka talka eginda.
Kolpearen ondorioz, etxearen zati bat behera erori da, autoaren gainean. Zehatz-mehatz, hormetako bat ibilgailuaren gainean jausi da, eta errei bat ere oztopatu du, Gasteizerako noranzkoan.
Ondoren, larrialdietako zerbitzuko zenbait kide bertaratu dira, besteak beste, Ertzaintza, Suhiltzaileak eta osasun-taldeko kideak. Hondakinak gainetik kendu ostean, ibilgailura heltzeko moduan izan dira, eta orduan baieztatu dute barruan hildako pertsona bat zegoela.
Horrezkero, errepidea bi noranzkoetan itxi dute eta Ertzaintzak Urkiolara bideratu du ibilgailuen-zirkulazioa, hau da, BI-632 errepidetik. Gainera, ikerketa abiarazi dute istripuaren nondik norakoak argitzeko.