Gizartea -
Lapurreta
Bi lagun atxilotu dituzte Gordexolan lapurtutako bizikletekin lotuta
Ostu zituzten 12 bizikletetatik 9 errekuperatu dituzte. Ikerketa zabalik dago, lapurretan nahasita egon daitezkeen gainerako pertsonak atzemateko eta lapurtutako gainerako materiala berreskuratzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
26 urteko bi gizonezko epailearen aurrera eraman dituzte, Gordexolako Bizkairoute enpresan izandako 12 bizikletaren lapurretarekin zerikusia dutelakoan. Lapurtutako hamabi bizikletetako bederatzi berreskuratu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez.
Otsailaren 19ko goizaldean, hainbat pertsonak gama altuko hamabi bizikleta lapurtu zituzten Gordexolako Bizkairoute enpresaren lokalean.
Lapurretaren egileek ate bat behartu zuten eta balio ekonomiko handiko hamabi bizikleta lapurtu zituzten, mendiko bizikletak zein errepidekoak. Horrez gain, bizikletetarako lau GPS aparatu ere eraman zituzten.
Ertzaintzak enpresa batzuetan lapurretak egiteagatik aurrekariak zituzten hainbat pertsona identifikatu zituen, guztiak inguru horretako industrialdeetan hauteman ondoren: Zallan, Balmasedan eta Gordexolan.
Egun batzuk geroago, agenteak susmagarrietako bi zihoazen ibilgailuaren atzetik joan ziren, Galdakaon, eta bi gizonezkoak pista batetik barrena pinudi batera iritsi zirela ikusi zuten. Ondoren, inguru horretan egindako miaketa batean, lapurtutako bizikletetako bederatzi aurkitu zituzten. Mendian ezkutatuta zeuden, sasi eta ote artean, baso-eremu itxi batean.
Bi pertsona horiek bizikleten lapurretekin lotura zutela egiaztatutakoan, bi susmagarriak atxilotu eta epailearen aurrera eraman zituzten. Horietako bat ikerketapean dago.
Ikerketa zabalik dago lapurretan nahasita egon daitezkeen gainerako pertsonak aurkitzeko eta atxilotzeko, eta lapurtutako gainerako materiala berreskuratzeko.