Gizartea -
Salmenta debekatzea
Opilak ikastetxeetatik kentzea aztertuko du Osasun Ministerioak
Testua aurrera aterako dela ematen du, izan ere, 2005ean produktu horien salmenta murrizteko konpromisoa hartu zuten makina automatikoek.
Erredakzioa
Ikastetxeetan opilak, litxarreriak, snackak eta freskagarriak saltzea debekatzeko dokumentu bat aztertuko dute Osasun Ministerioak eta erkidegoek hilabetea amaitu baino lehen. Horrela, gizentasuna eta gehiegizko pisua saihestu nahi dute, izan ere, Espainiako lau haurretatik batek osasun arazo hori du.
Hezkuntza zentroetako elikadurari buruz dokumentu bat osatu eta Osasun Kontseiluan aztertuko dute, Osasun Ministerioko iturriek gaur jakitera eman dutenez.
Testua aurrera aterako dela ematen du, izan ere, 2005ean produktu horien salmenta ikastetxeetan murrizteko konpromisoa hartu zuten makina automatikoek, autorregulazioaren bidez.
Elikaduraren Segurtasun Legea
Dokumentuak Elikaduraren Segurtasun Legea garatzen du eta "gantz-azido saturatu, gantz-azido trans, gatz eta azukre asko duten elikagaien salmenta" debekatzea planteatzen du, "makina automatikoen bidez zein hezkuntza zentroen barnean diren tabernetan edo lokaletan". Elikaduraren Segurtasun Legea aurten onartuko dute.
Hala ere, agente ezberdinen ekarpenak jasoko ditu testuak Diputatuen Kongresuan eztabaidatu baino lehen, ondorioz, aldaketak izan ditzake, iturriek azaldu dutenez.
Horrela ikasleek azukre gehiegi ez duten ura, esnekiak eta zukuak, zerealak, fruitu lehor ez frijituak, sandwichak, otartekoak edo okindegi produktuak eskuratu ahal izango dituzte, baita opilak ere, Legeak ezarritako gantz mugak errespetatzen baldin badituzte.