Gizartea -
Arizonako Unibertsitatea
Malaria kutsatzen duen parasitoari inmune den eltxo bat sortu dute
Plasmodium parasitoak sortzen du malaria edo paludismoa. Eltxo kutsatuak gizakiei ziztadaren bidez transmititzen die gaixotasuna.
Erredakzioa
Malaria gizakiei kutsatzen dien parasitoari inmuneak diren eltxoak sortu dituzte Arizonako Unibertsitateko entomologo talde batek, Public Library of Science aldizkariak gaur jakitera eman duenez. Eltxoak genetikoki eraldatu dituzte ikerlariek.
Urteetan zehar mundu osoko zientzialariek eltxoak genetikoki eraldatzeko lan egin dute, baina intsektuek parasitoa kutsatzen jarraitzen zuten, nahiz eta kopuru txikiagoan izan.
Plasmodium parasitoak sortzen du malaria edo paludismoa. Eltxo kutsatuak gizakiei ziztadaren bidez transmititzen die gaixotasuna. Anofeles motako emeak odolaz elikatzen dira soilik, arrautzak produzitzeko behar dutelako.
Kutsatzeko arriskua duten 3.000 milioi lagun dira mundu osoan.
"Parasitoaren hedapena geldiarazi nahi bada, erabat inmuneak diren eltxoak behar ditugu", esan du Michael Riehle ikerketaren zuzendariak.
Plasmodiumik gabeko eltxoak
Genetikoki eraldatu zituzten eltxoak aztertu zituztenean, Plasmodium parasitorik ez zutela egiaztatu zuten, nahiz eta aurretik kutsatutako odolarekin elikatu. "Izan zuen arrakasta harritu gintuen", adierazi du Riehlek.
Oraindik eltxo eraldatuak laborategietan dituzte bakarrik eta ez dute ihes egiteko aukerarik. Eltxoen populazioak laborategietan eraldatutako aleek ordezkatzeko modua aurkitzen dutenean, malariarik gabeko mundu baten aukera hurbilago egongo da.