Gizartea -
Bartzelonan
Adingabeko neska bat hil da Tibidabo jolas-parkeko istripuan
15 urteko beste bi neska "larri" eta "oso larri" daude hurrenez hurren
Erredakzioa
Bartzelonako 15 urteko neska bat hil egin da eta beste hiru adingabeko zauritu dira arratsaldean Tibidabo jolas-parkeko "El Péndulo" izeneko atrakzioari beso giltzatu bat jausi zaionean.
Zaurituen artean larriena 15 urteko neska bat da. Egoera "kritikoan" dago eta lekuan bertan ari zaizkiote laguntzen bere bizitza salbatzeko ahaleginetan.
15 urteko hirugarren neska batek traumatismoa izan du buruan, ez dago aurrekoa bezain larri, eta Sant Joan de Deu Ospitalera eraman dute.
Hirugarren zauritua mutiko bat da eta bere familiak berak eraman du erietxera. Momentuz, ez dago bere egoeraren berri.
Zorigaiztoko istripua 19:00ak aldera gertatu da. Hildakoa eta beste hiru zaurituak "El Péndulo" izeneko atrakzioan zeuden eta honen beso giltzatua "Mina de Oro" izeneko beste atrakzio baten gainera jausi da. Gertatutakoaren zergatiak argitu gabe daude.
Orduko 100 kilometroko eroriko librea
Atrakzioa Italiatik ekarri zuten 2006ko uztailaren 26an eta urte horretako abuztuan martxan jarri zuten. Egunero eta astero azterketak egiten zizkioten eta ekainean kanpoko enpresa batek egindakoa ere gainditu zuen.
"El Pendulo"k 38 metro igotzen ditu eta gero 2,8 segundoko erorketa librea egiten du orduko 100 kilometroko abiaduran. 25 metro luzera duen beso giltzatua dauka, honek lau pertsonarentzako lekua duen gondola bati eusten dio.
Erorketa librearen ondoren, gondolak 50 metroko ibilbidea egiten du pendulu eran.