Gizartea -

Protesta Madrilen

Madrilgo Sol plazan protestan ari ziren emakumeek gose greba utzi dute

26 eguneko protestaren ondoren, alderdi politikoek beren 25 proposamenak aztertzeko konpromisoa hartu dutela adierazi dute.

Indarkeria matxistaren kontrako kanpaldia Madrilgo Sol plazan. Argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren kontrako kanpaldia Madrilgo Sol plazan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailaren 9tik Madrilgo Sol plazan protesta egiten ari ziren emakumeek bertan behera utzi dute gose greba, beren helburuak bete dituztela iritzita. Genero indarkeriaren biktimentzat babesa eskatzeko hasi zuten beren borroka.

26 egunez gose greba egin ondoren Gloria Vazquez Ve La Luz elkarteko presidente eta grebalariak astearte gauean iragarri zuenez, gose greba bertan behera utzi eta "beste borroka modu batzuk" abiatuko dituzte. Izan ere, grebalarien 25 proposamenak Diputatuen Kongresuak bultzatutako genero indarkeriari buruzko azpibatzordean jorratzeko konpromisoa lortu dute.

Vazquezen esanetan, PPk eta PSOEk 25 neurri horiekiko konpromisoa agertu dute, eta gainerako alderdi politikoek proposamen horietara batzeko "interesa" azaldu dute. Kongresuko azpibatzordean ordezkaritza izatea eta urtebetez jardungo duen lantalde bat eratzea hitzeman dietela gaineratu du. "Ez du zentzurik kaltetuek foroan ez parte hartzea, eta lortu dugu", azpimarratu du.

Genero indarkeriaren hainbat biktimak eta Ve La Luz elkarteko hainbat kidek otsailaren 9an ekin zioten protestari, indarkeria matxistaren biktimak babestuko dituen Estatu ituna eskatzeko. Gerora, beste hamaika emakumek bat egin dute protestarekin, eta dozenaka lagun izatera heldu dira.

Protesta amaituta, borrokatzeko modu berri bat abiatuko dute, eta gaur Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldietan parte hartuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Espainia albisteak Gizartea Albisteak Madril gaur