Gizartea -

Durangoko Plataforma Feminista

Durangoko PPko zinegotziaren kontrako salaketa artxibatzea salatu dute

Gainera, Durangoko Plataforma Feministak Francisco Garate zinegotziaren dimisioa eskatu du.

Durangoko PPko zinegotziaren kontrako salaketa artxibatu dute. Argazkia: Xabier Elguezua Aranguren.
Durangoko PPko zinegotziaren kontrako salaketa artxibatu dute. Argazkia: Xabier Elguezua Aranguren.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Durangoko Plataforma Feministaren esanetan "susmagarria ez ezik, onartezina" da epaile batek Francisco Garate Durangoko PPko zinegotziaren kontrako salaketa artxibatu izana, eta haren dimisioa eskatu du. Etxeko langile bati sexu abusuak egitea egotzita atxilotu zuten, baina epailearen aurretik igaro ostean karguekin aske gelditu zen.

Plataforma Feministak ohar bidez jakinarazi duenez, "egoeraren larritasunaz jabetuta eta Ertzaintzak (Francisco Garate) azkar atxilotu zuela ikusita" ulergaitzak dira auzian eman diren hurrengo pausoak. Izan ere, karguekin aske gelditu eta ordu gutxira kasua artxibatu zuen Durangoko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak.

Hori dela eta, zinegotziaren dimisioaz gain, erasoa irmoki eta publikoki gaitzestea eta Garatek zinegotzi kargua uzteko beren eskura dituzten baliabide guztiak erabiltzeko eskatu die Plataforma Feministak Durangoko Udalari eta PPri.

Gainera, lege aukera guztiak aztertzeko eta emakume erasotuari defentsarako eskubidea bermatzea eskatu du. Halaber, babes eta elkartasun osoa adierazi dio emakumeari.

Plataformak salatu duenez, urtea hasi zenetik Durangon salatutako zazpigarren erasoa da.

Bestalde, ostegunean, 20:00etan Andra Marin egingo den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Gizartea Durango Gaurko azken orduko albistea