Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Atxilotuta Galdakaon, alaba bahitu eta emazte ohia jotzeagatik

Antza denez, alaba ez zuela inoiz gehiago ikusiko mehatxu egin zion gizonezkoak emazte ohiari. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berrogeita bat urteko gizonezko bat atxilotu egin dute Galdakaon, bere alaba (urte eta erdikoa) bahitzea eta emazte ohia jotzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak informatu duenez.

Emakumezkoak atzo arratsaldean salatu zuen dena, Zarautzeko komisarian.

Aipatu iturriek azaldu dutenez, bikotea bananduta zegoen eta neskatoa amarekin bizi zen, atzerrian.

Emakumea joan den astean etorri zen Zarautzera, senar ohiarekin konpontzeke zituen izapide batzuk egiteko, eta larunbat arratsaldean haren etxera joan behar izan zuen.

Antza denez, gizonezkoak jo egin zuen hainbat aldiz, eta zauriak egin zizkion aurpegian eta buru-azalean.

23:00etan, emakumeak ihes egin zuen etxebizitzatik, baina alaba han utzi zuen. Hurrengo goizean, deitu egin zion telefonoz gizonezkoari, neskatoa bueltan eman zezan, baina hark uko egin zion eta Zarautzetik alde egin zuela ziurtatu zion. Gainera, alaba ez zuela inoiz gehiago ikusiko mehatxu egin zion.

Gizonezkoa Galdakaon ikusi zuen herritar batek, eta Udaltzaingoak atxilotu egin zuen. Ondoren, bilatzen ari ziren pertsona zela egiaztatu zutenean, Ertzaintzaren esku utzi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea