Gizartea -
Amorebieta-Etxano
Gizon batek emaztea jo eta haren seme bat eta ahizpa bahitu ditu
Ertzaintzak atxilotu egin du. Emakumeak salatu du urteak zeramatzala tratu txarrak eta sexu erasoak pairatzen. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.
Erredakzioa
Ertzaintzak 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Amorebieta-Etxanon (Bizkaia), emazteari sexu erasoak egitea eta seme zaharrena eta biktimaren ahizpa bahitzea egotzita.
Herrizaingo Sailak agiri batean informatu duenez, emakumezkoa Gernikako polizia-etxera joan zen atzo, gertatutakoa salatzeko.
Haren esanetan, bikote-kideak deitu egin zion, eta seme zaharrena eta bere ahizpa atxikita zituela esan zion. Halaber, harengana joan ezean, "zerbait" egingo ziela mehatxu egin zion.
Emakumezkoak (duela lau urte iritsi zen Euskadira) ziurtatu zuen urteak daramatzala tratu txarrak eta sexu erasoak pairatzen, baina ez zuen gizonezkoa salatu beldur zegoela. Ekainean, baina, abandonatu egin zuen.
Ertzainak gizonarengana joan ziren emakumezkoarekin batera, eta atxilotu egin zuten.
Ustezko erasotzaileak agiri faltsuak zituen, eta Errumaniako Epaitegi batek atxilotzeko eta entregatzeko agindu europarra eman zuen.