Gizartea -
Urteurrena
Donostiako CIC biomaGUNEk 10 urte egin ditu
Epe horretan, 31 herrialdetatik etorritako 261 ikerlari baino gehiago jaso ditu. Horietatik, 25 jatorriz euskaldunak ziren eta atzerrian egiten zuten lan, eta 3,7 milioi euroko fakturazioa izan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CIC biomaGUNE Biomaterialetako ikerkuntza zentroak Donostian du egoitza eta gaur ospatu du bere hamargarren urteurrena. Epe horretan, 31 herrialdetatik etorritako 261 ikerlari baino gehiago jaso ditu. Horietatik, 25 jatorriz euskaldunak ziren eta atzerrian egiten zuten lan.
Ikerkuntza eta teknologia erakundetako ordezkariak izan dira ospakizunean, eta Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan lan egiten duten 132 pertsonek ere hartu dute parte. Horrez gain, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua, Luis Liz Marzan CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa, eta Jose Maria Mato CIC biomaGUNEko zuzendari nagusia egon dira.
Hamar urteko epean, zentroak 102 milioi euro jaso ditu: 63 milioi Eusko Jaurlaritzatik, 19 milioi Estatuko Administrazio Orokorretik, 4 milioi Gipuzkoako Foru Aldunditik, 10 milioi euro nazioarteko proiektutatik, 4 milioiko fakturazioa izan du eta 1,5 milioi bazkide eta erakunde pribatuetatik.
Epe horretan 2,9 milioi euroko fakturazioa lortu du, Euskadiko zentro teknologikoekin eta enpresekin zerbitzuak eskaintzeko sinatutako kontratuen bitartez. Euskaditik kanpoko enpresekin izandako fakturazioa 0,8 milioi eurokoa izan da.
CIC biomaGUNEk abangoardiako ikerkuntza lana egiten du kimikaren, biologiaren eta fisikaren arteko interfazean, arreta berezia jarriz eskala molekularreko nanoestruktura biologikoen propietateen eta horien aplikazio biomedikoen azterketan.
Hamar urte hauetan, CIC biomaGUNE panorama zientifikoko puntako zentro gisa finkatu da nazio eta nazioarte mailako biomaterialen alorreko ezagutzaren sortzaile moduan, eta horrek argitalpen zientifikoak, patenteak, nazioarteko erakundeekin eta instituzioekin lankidetzak eta bere ekipamendu teknologikoa eta langileei dagokiena komunitate zientifikoaren eta enpresa egituraren zerbitzuan jartzea ekarri du.