Gizartea -
'portu' operazioa
10.000 dira guztira Getxon, Gironan eta Kantabrian atzemandako armak
Bost pertsona atxilotu zituzten operatiboan, Europolekin batera. Polizia Nazionalak topatutako armen inbentarioa egin du dagoeneko.
agentziak | erredakzioa
Bizkaian, Gironan eta Kantabrian atzeman zituzten armak 10.000tik gora dira guztira, horietatik ia 9.000 'Cetme' fusilak (Espainiako Armadak erabiltzen dituen modukoak), Polizia Nazionalak gaur, asteartea, zabaldu duenez.
Agenteek urtarrilean 'Portu' operazioan -Europolekin batera- aurkitu zituzten armen inbentarioa bukatu eta gaur ezagutarazi dute.
Polizia-operazio honen oinarrian 2014ko maiatzaren 24an Bruselako museo juduaren kontrako atentatua dago. Gizonezko batek lau pertsona hil zituen tiroz, eta poliziak eraso hartan erabilitako armak ikertzen aritu ziren.
Getxoko lonja batean, armak manipulatzeko eta erabilgarri bilakatzeko tailer sofistikatu bat topatu zuten.
Sareak modu legalean erosten zituen armak, eta ondoren erabiltzeko moduan uzten zituzten berriz, beharrezko piezak bidalita.
Bizkaian (Getxo eta Galdakao), Gironan eta Kantabrian (Liendo) egindako miaketetan, milaka arma eta pieza atzeman zituzten; hori dela eta, aste ugari behar izan dituzte zenbatzeko.
Hala, 9.000 fusil Cetme, eta beste 1.000 arma; Mauser, Bergmann eta Beretta fusilen; metraileta antiaereoen; Star, Llama, Astara eta FN marketako pistolen eta hainbat errebolberren artean. Denak konpontzeko eta su-armetan bihurtzeko prest.
Era berean, agenteek makinak eta tresnak hartu zituzten. Hala nola, kanoi, morroilo, karga-gailuak etab.
Armak oso erraz saltzen zituzten merkatu beltzean, kalibreagatik, su automatikoa egiteko gaitasunagatik, eta erraz aktibatzen zirelako berriz.