Gizartea -
Berrikuntza
Osakidetzak osasun-tratamenduak jarraitzeko aplikazioa sortu du
'Nire Tratamendua' du izena eta sendagaiak ondo hartzen laguntzen duen mugikorretarako aplikazioa da.
eitb.eus
Osakidetzak "Nire Tratamendua" aplikazioa sortu du mugikorretarako, gaixoei sendagaiak ondo hartzen laguntzeko. Aurkezpenean emandako datuen arabera, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen % 50ek baino ez dute tratamendua ondo betetzen, eta oso garrantzitsua dela nabarmendu dute osasun-arazoak sahiesteko.
Egungo osasun-zerbitzu publikoetan sendagilearen preskripzioa duen aplikazio bakarra da Osakidetzako zerbitzu informatikoak sortu duen aplikazio berritzailea, historia klinikoa integratuta izateaz gain.
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurkeztu du aplikazioa gaur goizean, Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Darponen esanetan, "gaixo guztiek osasun-prozesuetan parte hartzeko eta tratamendua kudeatzen laguntzeko bidea eskaintzea" da helburua.
Sendagilearen kontsultan jasotako Tratamendu Aktiboaren Orria berehala ikus daiteke aplikazioan. Beraz, mugikorretik historia klinikoan dagoen informazioa kontsultatzeko aukera ematen du. Azken batean, tratamendua ongi betetzen laguntzen du.
"Nire Tratamendua" Osakidetzaren web atarian dago eskuragarri, nahi duenak deskargatu ahal izateko; norbere informazioa ikusteko, berriz, ezinbestekoa da itsasontziaren jokoa edukitzea, edozein osasun zentrotan eskatuta.