Gizartea -
Eguraldia
Udaberria heldu ondoren, elurra eta hotza
Abisu horia ezarri dute gaurko, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik, 00:00etatik 10:00etara.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du gaurko, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik, 00:00etatik 10:00etara.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak zabaldu duenez, ostiralean, giro aldakorrarekin jarraituko dugu. Goizean, giro lasaia izango dugu, eta ostarte zabalak agertuko dira.
Arratsaldean, hodeiak ugariagoak izango dira; zaparradak botako ditu, barnealdean bereziki, eta, ondoren, gauean, lurraldearen ekialdera hedatuko dira. Elur-kota 1.000-1.200 metro inguruan egongo da. Tenperaturak gora egingo du apur bat, baina izotza egingo du barnealdean goizaldean eta goizean goiz.
Larunbata euritsua izango da. Zerua estalita egongo da, eta euria egingo du edonon goizean eta ia arratsalde osoan. Gauean, pixkanaka atertuz joango da. Elur-kota 1.000-1.200 metroan kokatuko da goizean, eta 1.300 metrora igoko da gero. Ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, eta hego-ekialdera aldatuko da arratsaldean. Tenperatura minimoak nabarmen igoko dira; maximoak, berriz, ostiralekoak baino 2-3 ºC baxuagoak izango dira.