Gizartea -
Polizia operazioa
Ertzaintzak ez du inor gotortuta aurkitu Barakaldoko hotelean
Zenbait informazioren arabera, hotelean izandako liskar batean nahasirik egon den gizon bat logela batean giltzapetuta zegoen, baina ez da hala izan.
eitb.eus
Ertzaintzak Barakaldoko hotel bateko inguruak lau bat orduz hartuta eduki ditu igande arratsaldean, hotelean ostatu hartuta zeuden zenbait bezeroren artean liskarra piztu eta euren artean mehatxuak izan ostean, Segurtasun sailak aditzera eman duenez.
Arratsaldeko 17:30ean, Ertzaintzak dei bat jaso du, eta bertan ohartarazi diote Megapark ondoan (Barakaldoko Erribera etorbidean) dagoen Novotel hoteleko bezero batek beste bezero batzuei "mehatxu" egin diela bertako gela baten barruan.
Hori horrela, Ertzaintzaren hainbat patruila gertaeraren lekura bertaratu dira, eta eraikina inguratu, hoteleko sarbideak itxi eta Megaparkeko inguruak hartu dituzte. Ertzaintzaren esku-hartze arinerako unitate bat ere bertan izan da.
Zenbait informazio aintzat hartuta, aipatu liskarrean nahasirik egon den gizonetako bat logelan giltzapetuta egon zitekeen. 21:10 aldera, Ertzaintza bertan sartu da, baina Segurtasun saileko iturriek eitb.eusi jakinarazi diotenez, ez dute inor aurkitu barruan.
Ikerketako iturrien arabera, liskarra droga kontu baten harira piztu da. Ertzaintzak ez du inor atxilotu, baina gertaerekin zerikusia izan duten bi pertsona identifikatu ditu.
Logela hutsik zegoela behin egiaztatuta, operazioa amaitutzat jo dute; aitzitik, hotelean lanean jarraitu dute polizia-ikerketak aurrera jarraitzen baitu.
Megapark inguruak hartu dituzte Ertzaintzak eta Barakaldoko Udaltzaingoak. Argazkia: EiTB