Gizartea -
Ciudad Real
Emakume bat eta bi haur hilik aurkitu dituzte Ciudad Realen, etxean
Halaber, gizonezko bat hil egin da etxebizitza horretatik erori ostean. Lehen hipotesien arabera, genero indarkeria kasu bat izan daiteke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakume bat eta haren 5 eta 8 urteko bi seme-alaba hilik aurkitu dituzte gaur goizean Campo de Criptanako (Ciudad Real) beren etxean. Halaber, haurren aita ere hil egin da etxebizitza horretatik erori ostean. Lehen hipotesien arabera, genero indarkeria kasu bat izan daiteke.
112 larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, gorpuak goizeko bederatzietan topatu dituzte Campo de Criptana udalerriko Convento kaleko etxebizitza batean.
Gizonezkoak 44 urte ditu eta udal langilea da. Antza denez, bigarren solairuan dagoen etxebizitzatik erori da, eta osasun langileak heldu direnerako hilda zegoen.
Udaltzainak etxe barrura sartu direnean emakumea eta bi haurren gorpuak aurkitu dituzte.
Guardia Zibilaren iturriek azaldu dutenez, genero indarkeria kasu bat izan daiteke. Udaleko iturrien esanetan, gizonezkoa Udaleko atezaina da eta gaur goizean ez da lanera joan.
Gaztela-Mantxako Gobernuak jakinarazi duenez, ez zegoen tratu txarren salaketarik, ezta indarkeria matxistako aurrekaririk ere. Gainera, ez familiak eta ezta emakumeak ere ez zion inoiz laguntzarik eskatu Gobernuari.
Urtea hasi zenetik, 17 emakume hil dituzte Espainian beren bikotekide edo bikotekide ohiek, eta haur bat hil du bere aitak. Halaber, Redondelan izandako hilketa ikertzen ari dira.
Genero indarkeria kasu bat dela baieztatuz gero, 18 lirateke aurten hildako emakumeak eta 3, berriz, hildako adingabeak.
____________________________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.