Gizartea -
Ezohiko garraioa
7,5 metro zabaleko konboi batek Gipuzkoa zeharkatuko du gauean
Hiru kamioik osatutako garraioa 30 km/h-ko abiaduran ibiliko da N-1, GI-11 eta GI-20 bideetatik, eta, horren neurriak direla eta, bi errei hartuko ditu. GI-636 errepidea guztiz itxiko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, asteazken honetan beste garraio berezi batek zeharkatuko du lurraldea. Bertatik nabarmendu duenez, oraingoan hiru kamioik osatuko dute konboia, baina horren ezaugarri nabarmenena ez da luzera izango, zabalera baizik; izan ere, 7,5 metro ditu. Ahalmen handiko errepideetatik ibiliko da.
Foru Aldundiak ohar batean emandako azalpenen arabera, konboi berezia N-1, GI-11, GI-20 eta GI-636 errepideetatik pasatuko da. Azken hori erabat itxi beharko dute tarte batean, noranzko bakoitzean errei bakarra baitu.
“Garraio honek ez dakar ezohiko zailtasunik. Ahalmen handiko errepideak erabiliko ditu, eta ez da zirkulazioa mozteko beharrik izango, GI-636ko azken zatian izan ezik. Izatekotan, harekin topatuz gero, pazientzia eduki beharko dugu, mantso joango baita”, adierazi du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak.
20 metroko luzera duten hiru kamioik osatuko dute garraioa, eta asteazken gauean ibiliko da Gipuzkoako errepideetatik, Nafarroatik Gipuzkoara Altsasutik (Alaska hotela) sartuta. Airbusen Beluga karga-hegazkinarentzat piezak daramatza. Berantevillatik irtengo da, astearte honetan, eta Gipuzkoa zeharkatuko du, Airbusek Okzitaniako Tolosan duen lantegirako bidean.
Aldundiak jakinarazi duenez, 30 km/h-ko abiaduran pasatuko da N-1, GI-11 eta GI-20 errepideetatik, eta, horren zabalera dela eta, bi errei erabiliko ditu. GI-636 errepidean sartzen denean, Errenteriatik Irunera bidean, guztiz itxi beharko dute bidea, errepideak bertan dituen bi erreiak beharko dituelako.
Konboia Alaska hoteleko aparkalekutik aterako da 22:00etan, eta, Etzegarate jaitsi ostean, N-1etik jarraituko du, Donostiako saihesbidera iristeko. Bertan, GI-11tik GI-20ra igaroko da, eta Errenterian GI-636an sartuko da. Aurreikuspenen arabera, 02:00ak aldera zeharkatuko du muga. Ertzaintzak zainduko du ibilbide osoan.