Gizartea -

Garraioa

Megakamioia Oiartzungo helmugara iritsi da

Apirilaren 2tik 4ra gisa bereko beste transformadore bat garraiatuko dute Pasaiako portutik Arkaleko azpiestaziora.

Megakamioia 07:10ean heldu da Arkaleko azpi-estaziora. Argazkia: EiTB
'Megakamioia' iritsi da Arkalera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

98,1 metro luze den kamioia gaur goizean iritsi da Arkaleko azpiestazio elektrikora (Oiartzun), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Astearte goizaldean atera zen Pasaiako portutik, eta bi gau behar izan ditu Oiartzungo Arkale auzora iristeko (16 kilometro). Aipaturiko kamioiak tamaina handiko transformadore bat zeraman.

Gipuzkoako errepideetan "inoiz ikusi den garraiorik luzeenak" atzo ekin zion bigarren etapari. Lehenengo etapan, Pasaiako portuaren eta Lintzirin poligonoaren arteko lau kilometroak egin zituen; bigarrenean, berriz, Lintzirin poligonoaren eta Arkaleko azpiestazioaren artean dauden 12 kilometroak egin ditu.

Asteazken gauean, 23:00etan, Lintzirin industrialdetik atera da, GI-636 errepidetik. GI-2132a hartu du gero, eta, Oiartzungo irteeran, AP-8 autobidean sartu da, joan-etorriko maniobra egitera, egitura baten galiboa gainditu ahal izateko. Ondoren, GI-2134 (Irun eta Oiartzun artekoa) hartu du, Arkaleko azpiestazio elektrikora joateko. 07:10ean iritsi da.

Apirilaren 2tik 4ra gisa bereko beste transformadore bat garraiatuko dute Pasaiako portutik Arkaleko azpiestaziora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gipuzkoako albisteak EAE Gizartea Pasaia Oiartzun bideoak Albisteak A-8 autobideko istripuak gaur