Gizartea -
Osasunaren Munduko Eguna
Depresioak 350 milioi pertsonari eragiten die munduan
Gaitz hau saihestu eta trata daitekeela nabarmendu nahi du Munduko Osasun Erakundeak.
Agentziak | Erredakzioa
Depresioak 350 milioi pertsonari eragiten die munduan, eta Munduko Osasun Erakundeak gaitza saihestu eta trata daitekeela nabarmendu du.
Osasunaren Munduko Eguna apirilaren 7an izango da, eta aurten gaixotasun honetan oinarrituko da. Depresioa ez da nahasi behar gogo-aldartean ohikoak diren aldaketekin eta eguneroko arazoei ematen zaizkien erantzun emozional laburrekin.
Gurutze Gorriak prentsa-ohar baten bidez ohartarazi duenez, gaixotasun hau “osasun arazo larria” izan daiteke, bereziki epe luzekoa bada eta intentsitate moderatua edo larria badu, eta sufrimendu handia eragin eta lan, eskola eta familia jarduerak aldatzen ditu. Kasurik txarrenetan suizidiora eraman dezake.
Gaixo gehienak ez dituzte behar bezala diagnostikatzen
Gurutze Gorriak eta Munduko Osasun Erakundearen hitzetan, gaixo gehienak ez dituzte behar bezala diagnostikatzen, eta arreta eraginkor bat emateko oztopoak, besteak beste, hauek dira: baliabide eta mediku trebatuen eskasia, buruko arazoen estigmatizazioa eta zehaztasunik gabeko ebaluazio klinikoak.
Faktore sozial, psikologiko eta biologikoen arteko interakzioen emaitza da depresioa, eta bizitzan baldintza gogorrak (dolua, langabezia, traumatismo psikologikoak...) bizi izan dituztenek aukera handiagoa dute gaixotasun hori izateko.
Prebentzio-kanpaina
Gurutze Gorriak Munduko Osasun Erakundearen prebentzio-kanpainarekin bat egin nahi izan du. “Ezin baduzu gehiago, ASKATU! Depresioa. Hitz egin dezagun” lelopean, horren helburua prebenitzea eta lehenbailehen antzematearen garrantziaz sentsibilizatzea izango da. Kaleko ekitaldiak egin, hitzaldiak eman eta material dibulgatzailea zabalduko dute horren berri emateko.
Aholkuak
Besteak beste, ondorengo aholku hauek eman dituzte: kirola egin, elikadura orekatua izan, lo nahikoa egin, bizitzako gauza txikienak ere baloratzeko denbora hartu, gauza berriak ikasi, zarata eta argi bizietatik urrundu, lagunen eta senideen laguntza onartu eta aisialdiari lehentasuna eman.
Depresioa gaixotasun bat da, eta horren sintoma nagusiak dira arintzen ez den tristura sentitzea, normalean gozamena ematen duten jarduerengatik interes-falta izatea eta egunerokoari aurre egin ezin izatea.