Gizartea -
Turismoa
Aste Santuan Euskadiko hotel-plazen % 90 betetzea espero dute
Turismo sailburuaren esanetan, aurreikuspenak 'baikorrak' dira, 'nahiko batezbesteko uniformea baitago lurralde guztian barrena'.
Agentziak | Erredakzioa
Aste Santuan hotel-plazen % 90 beteta egongo direla espero du Eusko Jaurlaritzak. Egun horietan Euskadira bisitan etorriko diren hamar turistatik zortzi Espainiako Estatutik etorriko dira.
Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak ostegun honetan Bilbon eman duen prentsaurrekoan egin ditu aurreikuspen horiek. Retortillorekin batera Isabel Muela sailburuordea izan da.
Sailburuaren esanetan, aurreikuspenak "baikorrak" dira, "batezbesteko nahiko uniformea baitago lurralde guztian barrena".
Hartara, hotelen betetze-mailari buruzko datuei dagokienez, Destino Bilbao elkartearen arabera, plazen % 92 beteko dira Aste Santuko ostegunetik larunbatera. Gipuzkoako Aspegi elkarteak, berriz, % 90eko datua aurreratu du epealdi bererako. Hortaz, iazko kopuruekin alderatuta, antzeko datuak espero dituzte. Halere, azken orduan "hainbat" erreserba egiten direla esan dute.
Arabako Errioxan aurreikuspenak are baikorragoak dira, plazen % 95 betetzea espero baitute, baina hor ere asko izaten dira azken orduko erreserbak. Turista gehienak (% 80) Estatutik iristen dira, eta gainerakoak atzerritarrak izaten dira.
Landetxeetan ere, iazko emaitzak hobetzea espero du Nekaturrek. Lau egun horietarako, plazen % 85,38 erreserbatuta daude jada: % 83,74, Araban; % 83,37, Bizkaian; eta % 86,82, Gipuzkoan.