Gizartea -
'Irteera Operazioa'
Istripurik ez 'Irteera Operazioaren' bigarren jardunaldian
Egunean zehar A-8 autobidean auto ilara luzeak egon dira, Muskiz parean, Kantabriarako noranzkoan eta Itziar eta Zarauzko ordainlekuetan. Arabako Etxabarri-Ibiña ordainlekuan ere pilaketak izan dira.
Erredakzioa
''Irteera Operazioa'' dela eta, A-8an izandako arazoak konpotzen doaz pixkanaka. Goizean 11 kilometroko auto ilarak izan dira Kantabriarako noranzkoan, Muskiz parean, eta orain, auto ugari dabiltzan arren, ez dago auto ilararik. Gipuzkoan ere, Zarautz eta Itziarreko ordainlekuetan bi eta zazpi kilometroko ilarak izan dituzte baina hauek ere desagertzen joan dira arratsaldeak aurrera egin ahala.
Bizkaian, arazo guztiak A-8an sortu dira, Kantabriarako noranzkoan. Momenturik txarrenak goizeko 11:00ak eta 13:00ak artean izan dira. Une horretan auto ilarek 10 kilometroko luzera gainditu dute Barakaldo eta Santurtzi parean.
Gipuzkoan, berriz, Itziarren izan dira pilaketarik handienak. Zarautz eta Iruneko ordainlekuetan ere auto ilara handiak sortu dira goiz eta eguerdi partean.
Araban, bestalde, Etxabarri-Ipiña ordainlekuan izan dira arazoak, AP-1 autobidean, Madril aldera joan eta N-1 errepidea hartu behi duten autoek sortuta.
Pilaketak ere izan dira N-622 errepidean, N-1 bidea hartu nahi duten autoak bertan pilatu dira, Burgos-Madrid noranzkoan. Bi errepideek bat egiten duten lekuan, trafikoa oso konplikatua izan da egun osoan zehar.
Azpimarratzekoa da, baita, Iparraldean, A-63 errepidean, Donibane Lohitzune parean izan diren 11 kilometroko auto ilarak..
Egitasmo berezia
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak bost milioi joan-etorri aurreikusi ditu Espainian abuztuko "Irteera Operazio" honetan, iaz baino 400.000 gehiago. Operazioa asteburu osoan indarrean izango da, igandeko gauerdira arte, hain zuzen, eta 10.000 Guardia Zibil inguru arituko dira trafikoa zaintzen.
Operazioa bereziki zaila da oporretan joaten direnekin batera uztaileko egonaldia amaitu eta etxera bueltatzen direnak ere errepidera aterako direlako. Honi, asteburuan ohikoak diren joan-etorriak gehitu behar zaizkio.
Auto kopurua gehiago handituko da, gainera, Europan bizi diren Magrebiak egun hauetan penintsula zeharkatuko dutelako "Igarotze Operazioa" delakoan.
Honen harira, Biriatuko mugatik 75.000 auto pasatuko direla espero da.
Dena behar bezala joan dadin, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak 600 langile martxan jarri ditu bere kudeaketa guneetan, hainbat osasun zerbitzu eta suhiltzaileekin batera.
44 milioi joan-etorri
Abuztuan 44,1 milioi joan-etorri izatea espero da. Abiadura arauak betetzen direla ziurtatzeko, trafiko arduradunek kanpaina berezia jarriko dute martxan abuztuaren 23 eta 29aren artean.
Iaz, 202 pertsona hil ziren abuztuan izandako istripuetan. Horietatik 35 motorzaleak ziren. Abuztuaren 15 urteko egunik latzena izan zen errepideetan; 18 pertsona hil ziren guztira.