Gizartea -
Zirkulazioa
Auto-ilara luzeak izan dira goizean, irteera operazioan
Ohiko tokietan izan dira pilaketak: A-8 autobidean, Kantabriarako noranzkoan; Biriatun; eta Armiñonen. 16:00ak ingururako konpondu dira arazoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aste Santuko irteera operazioak auto-ilara luzeak eragin ditu goizean, Euskal Herriko autobide nagusietan. Arratsaldeko 16:00ak aldera egoera bere onera etorri da.
Goizean goiz hasi dira pilaketak, ohiko tokietan: A-8 autobidean, Bizkaia eta Kantabria arteko mugan; Biriatun (Lapurdi); eta Armiñonen (Araba), Burgoseko noranzkoan.
Auto-ilara luzeenak A-8 autobidean izan dira, Kantabriarako noranzkoan. Pilaketak 09:00etan hasi dira eta 14 kilometrorainoko ilarak izan dira. Zirkulazio 15:00ak inguruan bueltatu da bere onera.
Biriatun ilarak 08:00etan hasi eta 16:00ak pasatxo amaitu dira. 11 kilometrorainoko pilaketak izan dira eta GI-636 errepidean ere sortu dira arazoak.
Armiñonen pilaketak 6 kilometrokoak izan dira eta 12:45 aldera amaitu dira.
Horrez gain, Andoainen, A-15 autobidearen eta N-1 errepidearen arteko lotunean 2,5 kilometrorainoko ilarak izan dira Iruñerako noranzkoan.
Zirkulazioaren inguruko informazioa eta aholkuak
Errepidera atera aurretik, 011 telefono zenbakira deitzea aholkatu dute Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik, zirkulazioaren egoera ezagutzeko. Erakunde horrek Twitterren eta bere webgunean ere emango du unean uneko informazioa.
Bestalde, EiTBk informazioa emango du eitb.eus-eko zirkulazioaren inguruko webgune berezian eta Radio Euskadiko ordu erdiro eskaintzen dituen albistegietan.
Beste gomendio batzuk: egiaztatu ibilgailuaren egoera, eta ez kontsumitu alkoholdun edaririk ezta koipedun elikagairik. Eta, inportanteena agian, lasai hartu.