Gizartea -
Sexu-abusuak
Juan Kruz Mendizabal giltzapean zegoen monasteriotik atera da astebetez
Bi adingaberi sexu-gehiegikeriak egiteagatik, Elizak Gipuzkoako bikario ohia monasterio batean bizitzera behartu zuen. Munillaren baimenarekin, gogo jardun batzuetan parte hartzeko atera da.
Agentziak | Erredakzioa
Elizak Juan Kruz Mendizabal ‘Kakux’ Gipuzkoako bikario ohia zigortu egin zuen, bi adingaberi “ukitu desegokiak” egin zizkiola frogatu ostean. Apaiz jarduna betetzeko debekua ezarri zion eta monasterio batean bizitzera behartu zuen.
Alabaina, orain jakin da Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainaren baimenarekin monasterio horretatik atera zela astebetez gogo jardun batzuetan parte hartzeko, Araban.
EFE berri-agentziak Donostiako Apezpikutzaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, Munillak eman zuen baimena Mendizabalek, beste apaiz batzuekin batera, garizumarekin lotutako jardunaldi espiritualetan parte har zezan.
“Itxialdi mota bat da hori ere. Ez da mendi-irteera bat”, azpimarratu du aipatu iturriak.
Jardunaldi horiek martxoan izan ziren eta Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainaren ardurapean egon zen Mendizabal.
Hortaz, Apezpikutzak ukatu egin du zigorra kendu diotenik.
Donostiako Gotzaingoak urtarrilean jakinarazi zuen Elizak Mendizabal zigortu egin zuela, 2001ean eta 2005ean bi adingaberi sexu-abusuak egitea egotzita.