Gizartea -

17 urteko mutiko bat hil zen

Bi gazte auzipetu dituzte Arguedaseko istripuaren harira

Atxilotutako lau gazte laudiotarretako bi epailearen aurretik pasako dira asteartean. Andoni Pardo hildako gaztearen aldeko hileta-elizkizuna arratsaldean egin dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Motor istripuz Arguedasen (Nafarroa) hil zen 17 urteko gaztearen ezbeharraren harira atxilotutako lau lagunetako bi auziperatu dituzte eta bihar Tuterako epailearen aurretik pasako dira, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak jakitera eman duenez.

Atestatuan, Polizia Foralak, atxilotutako lau gazte arabarrei arduragabekeriazko giza-hilketa larria egitea eta sorospen-eginbeharra ez betetzea leporatzen die. Horietatik bik aske utzi dituzte baina karguak leporatuta Tuterako Foruzaingoaren polizia-etxean aitorpena hartu ondoren.

Arguedaseko 17 urteko gaztea larri zauritu zen ostiraletik larunbaterako gaueko 03:30etan Arias Navarro kalean izandako motor-istripuan, eta atzo hil zen ospitalean. Dirudienez, gazte nafarrak errepidean zegoen bide-seinale bat jo zuen eta kolpe handia jaso buruan.

Foruzaingoaren lehenengo ikerketen arabera, Erriberako udalerrira ezkondu aurreko agurra ospatzera bertaratu ziren (herriko jaietako lehenengo eguna zen) gazte batzuek bi bide-seinale bota zituzten ezbeharra gertatu zen lekuan.

Seinale horietako bat errepide gainera erori zen, eta 17 urteko gazteak jo egin zuen eta espaloiaren kontra kolpe handia hartu zuen buruan.

Istripuaren ondoren, Laudioko lau gazte atxilotu zituzten, baina azkenean bi bakarrik izango dira epailearen aurretik igaroko direnak.

Hileta

Bestalde, herri osoa hunkituta bildu da arratsaldean Andoni Pardo 17 urteko gazteari azken agurra emateko, haren aldeko hileta-elizkizuna egin baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea