Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Berdintasun Ministerioak mezu 'nahasia' helarazi du, epaileen esanetan
500 emakume "arrisku larrian" direla eta GPS eskumuturrekoak soilik 369k daramatzatela azpimarratu du Gobernuko ordezkariak.
Erredakzioa
Berdintasun Ministerioak mezu "nahasi, anbiguo eta zalantzagarria" helarazi duela salatu dute epaileen elkarteek, "epaileen sorbalden gainean" emakumeen aurkako indarkeria kasuen "ondorio tragikoenak eta beldurgarrienak kargatu" nahi dituztelako.
500 emakume "arrisku larrian" direla eta GPS eskumuturrekoak soilik 369k daramatzatela azpimarratu du Miguel Lorente Gobernuko ordezkariak. Lorenteren esanetan, "parekatze falta nabarmena" da eta eskumuturrekoen aplikazioa "egoitza judizialen baloraziopean dago".
Bestalde, Antonio Garcia Magistraturaren Elkarte Profesionalaren bozeramaileak azaldu duenez, "sen onarekin pentsatzen duen orok neurri horiek erabiltzen ez direnean justifikaturik ez daudelako dela ikusiko du, bistakoa da".
"500 emakume arriskuan daudenean 369 eskumuturreko bakarrik jarrita direla esatea, epaileak beraien lana oker egiten ari direla esatea da iritzi publikoaren aurrean, eta mezu hori zalantzagarria da anbiguoa eta nahasia delako", erantsi du Garciak.
"Ardura saihestu"
Marcelino Sexmero Francisco de Vitoria Epaileen Elkarteko bozeramailearen hitzetan, "politikariak ardura saihestu nahian dabiltza eta epaileen kontra ekiten ari dira". "Magistratuek txostenetan oinarrituz erabakiak hartzen" dituztela azaldu du Sexmerok, ondorioz, "momentu honetan eman zitezkeen eskumuturreko guztiak laga dituzte".
Horrela, "eskumuturreko gehiago behar badira, Poliziaren eta agintari administratiboen ardura da arriskua non dagoen esatea epaileek ekin dezaten", gaineratu du.