Gizartea -
Bilbao
Ertzaintzak epailearen esku utzi du Bilboko erasoaren atestatua
Herritar bati tratu lotsagarria ematea leporatu die hirurei. Orain epaileak erabaki beharko du prozedura judiziala abiatu ala ez.
eitb.eus
Ertzaintzak epailearen esku utzi du atzo, ostegunean, Betisen ultra batek Bilboko erdigunean kafe bat hartzen ari zen gizon baten aurka egindako erasoaren (bere lagunek grabatuta eta txalotuta) atestatua. Athleticen eta Betisen arteko partidaren aurretik gertatu zen, Plaza Barrian.
Segurtasun Sailak eitb.eus-i azaldu dioenez, Ertzaintzak, ofizioz jokatu duenak, herritar bati tratu apalgarria ematea egotzi die atzo erasoaren ostean identifikatu zituen hiru pertsonei.
Argiketaren fasean erasoaren datuak eta zantzuak bildu eta gero, jasotako informazioa epaitegira igorri du Ertzaintzak, eta epaileak erabakiko du orduan prozesu judiziala irekitzen ote duen.
Erasoa Plaza Barriko Bilbao tabernako terrazan gertatu zen, 12:45ean. Gertatutakoa grabatu zuten eta, ondoren, sare sozialetan zabaldu. Horrezkero, hautsak harrotu zituen han-hemenka, sumindura eraginda.
Bideoan ikus daitekeenez, ultra bat terrazan eserita dagoen gizonezkoarengana hurbildu zen ?antza, zoriz aukeratutakoa? eta "Zu, Gabilondo, Arriba España, zer zara ETA zalea?" esan zion. Segidan, edari bat bota zion, eta jo egin zen gero. Bideoan, grabatzen ari den pertsonaren barre-algarak entzuten dira.
Ertzaintzak atzo bertan identifikatu egin zituen hiru erasotzaileak, baina ondoren aske utzi zituen biktimak salaketarik ez aurkeztea erabaki zuelako.
Ondoren, Real Betis taldeak "irmoki" salatu zuen eta, Twitterren zabaldutako bi mezutan, talde sevillarrak esan zuen erasotzailek "inola ere ez" duela ordezkatzen zalego txuri-berdea. Izan ere, ukabilkada ematen duenak ez zuen ezta sarrerarik ere partidua ikusteko.
Elkartasun bilkura Plaza Barrian
Sare Antifaxista plataformak bilkura egin du erasoa jasan zuen gizonaren alde. Kolektiboak jakinarazi duenez, "eraso faxista" salatzeko elkarretaratzea egin dute Plaza Barrian, gertakaria jaso zen leku berean, hain justu. "Eraso faxistarik ez!" lelopean egin dute bilkura.