Gizartea -
Gertaera Nafarroan
Poliester Resitex enpresa suntsitu da Ezkirotzen, sute baten ondorioz
Foruzaingoa sutea ikertzen ari da, eta trafikoa eten du enpresaren sarbidean. Ez da inor zauritu.
Agentziak | Erredakzioa
Ezkirotzeko (Nafarroa) Comarca 2 poligonoan dagoen Poliester Resitex enpresa erabat suntsitu da sute baten ondorioz, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez. Ez da inor zauritu.
SOS Navarrak ostiral gaueko 23:20ean jaso du abisua, ondoko enpresa bateko langileek ohartarazita.
Poliesterraren erregaitasuna handia izanik, sua berehala zabaldu da eta sugarrek temperatura altuak eragin dituzte. Fabrikaren hormak eta sabaia hondoratzeaz gain, metalezko egiturek ezin izan diote beroari eutsi.
Cordovilla, Iruñea, Peralta, Zantzotza eta Tafallako suhitzaileek bederatzi kamioi eraman dituzten arren, ezin izan diote suteari zuzenean aurre egin; hortaz, sua inguruko enpresetara zabal ez zedin aritu dira lanean.
Foruzaingoa sutea ikertzen ari da, eta trafikoa eten du enpresaren sarbideko kaleetan, egoera arriskutsuak ekidin eta suhiltzaileei lana errazteko asmoz.