Gizartea -
Jai eguna
Egun osoko festa dute Baigorrin, Nafarroaren Eguna ospatzeko
Aurtengo edizioaren xedea gizarte eragileak omentzea izan da, herriari errotuta dagoen mugimendu sozialen garrantzia azpimarratzeko asmoz.
Euskadi Irratia | Eitb.eus
Jai giroan, Nafarroaren Eguna ospatzen ari dira gaur Baigorri (Nafarroa Beherea). Basaizea elkarteak antolatutako ekimenak mugak hautsi eta euskaldun guztiak batu nahi ditu. Jende ugari bildu da euskaldunen arteko loturak estutzeko festara.
Aurtengo edizioaren xedea gizarte eragileak omentzea izan da, herriari errotuta dagoen mugimendu sozialen garrantzia azpimarratzeko asmoz. Horren erakusgarri da Nafarroaren egunaren aurtengo leloa: "Kartsuki, alaiki, herria eraiki!"
Hori dela eta, ETAren armagabetzea ahalbidetu zuten bakegileak, Siriako errefuxiatuak lagundu dituzten elkarteak eta laborantza iraunkorrean lan egiten duten Lurzaindiako kideak izan dira protagonista, aste osoa iraun duen Kulturaldian.
Bertsolariak, euskal dantzak, erraldoi eta buruhandiak... hainbat ikuskizun izan dira goiz osoan Baigorriko kaleetan. Ondoren, frontoian herri bazkaria egin dute.
Arratsaldeari begira, Huntza taldearen kontzertua izango da, eta Niña Coyote eta Chico Tornado zein Niko Etxart ere bertan izango dira.