Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Txantreako ustezko erasotzailea datozen orduotan pasatuko da epailearenetik

Iruñeko udaltzainek erasoaren ustezko egilea den gizonezko adingabe bat atxilotu zuten, baina bere tutore legalen zaintzapean utzi zuten, epailearen aurretik igaro bitartean.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande goizaldean Iruñeko Txantrea auzoko jaietan gertatu zen sexu erasoaren ustezko egilea, gizonezko adingabea bera, bere tutore legalen zaintzapean dago atzo iluntzetik, Nafarroako hiriburuko udaltzainek gaztea haien esku utzi ostean.

Itxura denez, datozen orduetan adin txikikoen epailearen eta fiskalaren aurrera eramango dute, horien aurrean deklara dezan.

03:00ak aldera deitu zion emakumezko adingabeak Poliziari, sexu erasoa pairatu zuela esanez.

Horren berri jasotakoan, Iruñeko Udaltzaingoaren hainbat patruila bertaratu ziren, eta egoera horietarako aurreikusita dagoen protokoloa abiatu zuten.

Salaketa aurkeztu ostean, ikerketa jarri zen martxan, eta agenteek gizonezko adingabe bat atxilotu zuen igande arratsaldean bertan, sexu erasoarekin lotura zuelakoan.

Jaiak, bertan behera

Erasoa dela eta, Txantrea auzoko jaietan igande arratsalderako prestatuta zituzten ekitaldiak bertan behera geratu ziren, eta, Txantreako Talde Feministak eta Jai Batzordeak deituta, manifestazio batek Txantreako kaleak zeharkatu zituen. erasoa gaitzesteko asmoz.

Babes instituzionala

Iruñeko Udaleko ordezkari politiko guztiek sexu erasoa "irmo" gaitzetsi zuten, eta elkartasun osoa adierazi zioten biktimari.

Nafarroako Gobernuak ere, gertatutakoa arbuiatu zuen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskutik, eta "erabat gaitzetsi" zuen sexu erasoa.

-------------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Tratu txarrak gaur Gizartea bideoak Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Gaurko azken orduko albistea Jaiak