Gizartea -
Telebista publikoa
Fortak dio 'kezkagarria' dela publizitatearen banaketa
Carmen Amores presidenteak, hala ere, ukatu egin du Telebista Komertzial Irekien Batasunarekin gerran daudela.
agentziak | erredakzioa
Carmen Amores Irrati eta Telebista Erakunde Autonomikoen Federazioko presidenteak ukatu egin du Telebista Komertzial Irekien Batasunarekin gerran dagoela, baina "kezkagarri" jo du iragarkien inbertsioaren banaketa.
"Ez gaude gerran inorekin. Gu kezkatuta gaude", azpimarratu du telebista pribatu talde handienek (Atresmedia eta Mediapro) audientziaren % 50 eduki eta iragarkien inbertsioaren % 86 jasotzen dutela eta.
"Oso garrantzitsua izango litzateke eskumena duten erakundeek arreta eta zaintza handiagoa edukitzea geroz eta desorekatuagoa den publizitate merkatu honetan, kontzentrazio prozesu kezkagarri baten isla, eta eragile guztiok lehiakortasun leial batean elkarbizitzea bermatu beharko lukete", azaldu du Nueva Economia Forumek antolatutako gosari batean.
Amoresek, Gaztela-Mantxa Media erakunde publikoko zuzendari nagusi ere badenak, aitortu du telebista publikoek audientzia galdu dutela, baina gaineratu du telebista pribatuek ere galdu dituztela ikus-entzuleak, industrian "aktore gehiago" daudelako.