Gizartea -
Ardo botilen artean ezkutatuta
600 haxix kilo atzeman dituzte kamioi batean Irunen
Polizia Nazionalak gidaria (irlandarra) atxilotu du estupefazienteak Erresuma Batura zeramatzala.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak trailer bat geldiarazi du Irunen (Gipuzkoa), 600 kilo haxix baitzeramatzan ardo botilen artean ezkutatuta, eta jatorri irlandarreko gidaria atxilotu du. Kamioiaren jomuga Erresuma Batua zen.
Espainiako Poliziak azaldutakoaren arabera, Espainiako errepide-sarearen bitartez Europar Batasuneko beste herrialde batera drogak garraiatu behar zituztela jakinda abiarazi zuten operazioa. Ikertzaileek garraio susmagarria, atoia zeraman kamioia, Irunen aurkitu dute.
Ibilgailua geldiarazi ondoren, Poliziak sakon miatu du trailerra, eta hainbat haxix pakete aurkitu ditu ardo botilen artean, kutxen baitan. Denetara seiehun estupefaziente kilo atzeman ditu.
Operazioa UDYCO Drogen eta Krimen Antolatuaren kontrako Unitateko, Polizia Judizialeko Komisaria Nagusiko eta Irungo Komisariako Polizia Judizialeko agenteek burutu dute.